Albisteak

 

Udako oporrak aprobetxatuz, Abanto Zierbenako Udalak udalerriko ikastetxeen hobekuntza eta eraberritze plana jarri du martxan. 35.000 euro baino gehiago esleituko dira obrak egiteko. Ekimen honen onuradunak Gallartako Etorkizuna Ikastola eta Las Carrerasko Askartza Isusi ikastetxea izango dira.

Etorkizuna Ikastolaren kasuan, goiko patiora sartzeko pasabidearen zoladura eta iragazgaizpena hobetuko dira. Horren bidez, pasabideak jasotzen duen euri-ura isurbideetara behar bezala kanalizatzea lortu nahi da, ur horiek euskarri-egituran eraginik ez izateko. Iragazgaiztea egin ondoren, orain arteko ur-sartzeek egituran sortutako kalteak konponduko dira.

“Ikasle eta irakasleen eguneroko bizitza ez oztopatzeko, obrak udan egitea erabaki dugu. Aurrekontua 13.000 eurokoa da”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Askartza Isusiko ikastetxea hobetzeko eta eraberritzeko proiektuak estalitako patioaren argiztapena eta gimnasioaren argiztapena hartuko ditu barne. Gimnasioko 8 luminariak desmuntatuko dira eta horien ordez 80 w-ko led proiektoreak jarriko dira. Halaber, estalitako patioko 6 luminariak desmuntatu eta 50 w-ko led luminariak jarriko dira.

Alde batetik, argiztapen mailak gora egingo du; eta bestetik, kontsumo energetikoa murriztu eta mantenimendua hobetuko da.

“Gainera, ikastetxeko goiko patioko zoladura konponduko da, seguruagoa izan dadin. Horretarako, zoladuraren azalera osoa fresatuko da; ondoren, 5 cm-ko geruza batekin aglomeratuko da. Eta azkenik, areto-futboleko eta jolas-guneko markak marraztuko dira berriro. Gure ikastetxeak behar bezala mantentzea oso garrantzitsua da, eta ikasleek hobekuntzez gozatzeko aukera izango dute klasera bueltatzen direnean”, amaitu du Etxebarriak.