Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak hiru kontratu berri sinatu ditu, eta bere zerbitzu sozialak finkatu ditu horrela. 2016. urte honetan, gizartean eta hezkuntzan esku hartzeko zerbitzuak aurrera jarraitu du bere lan garrantzitsuarekin. Hainbat proiektu hartzen ditu barne zerbitzuak: haur eta gazteengan eragina duten eta egokitu ezineko jarrerak edo arretarik ezeko egoerak eragin ditzaketen arrisku-faktoreen prebentzioa; oinarrizko hezkuntza-, afektibitate-, eta familia-gabeziak dituzten haur eta gazteentzako babesa, adingabeekin eta haien familiekin gizartean eta hezkuntzan esku hartuz; nerabeen babes- eta arreta-alorreko beharren detekzioa, balorazioa eta diagnosia; familiaren sustapena, bere bizi-kalitatearen hobekuntza, integrazio handiagoa eta kohesio jarraitua ahalbidetuko duen babes, orientazio eta aholkularitzako hezkuntza-neurrien bidez, ingurumen- eta pertsona-baliabideak sustatuz hainbat alorretan sortzen diren zailtasunei aurre egiteko. Zerbitzu horren onuradunak hezkuntza-komunitatea eta zailtasun sozialak dituzten eta/edo arrisku-egoeran dauden familiak eta adingabeak dira.

Proiektua martxan jartzeko, beharrezkoa da 134.200 euroko inbertsioa. 4 hezitzaile ari dira lanean proiektu horretan, eta, zerbitzua sortu zenetik, 300 kasuren baino gehiagoren ardura izan dute.

“Udal honek uste du zerbitzu sozial sendoak ezinbestekoak direla udalerriko bizilagunen ongizatea bermatzeko; horregatik, proiektu garrantzitsuen bidez gure zerbitzu sozialak berritzen eta eguneratzen jarraitzeko konpromiso irmoa dugu”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Gizartean eta hezkuntzan esku hartzeko zerbitzuak lanean jarraitzen du, beraz; bereziki, gizarte-bazterketa arriskuan dauden pertsonak gizarteratzeko egitasmoekin. Alor horri dagokionez, aipatzekoak dira, halaber, gizarte-beharrak detektatzeko, prebenitzeko eta igartzeko proiektuak, baita guztion sustapen eta partaidetza soziala xede duten proiektuak ere. Udalak herritarrei eskaintzen dien arreta-zerbitzu horrek 62.370 euroko kostua du bi urterako, eta gutxi gorabehera 400 onuradun izan ditu.

Zerbitzurik azpimarragarriena Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua da, balio anitzeko komunitate- eta gizarte-zerbitzu integrala. Xedea autonomia pertsonalean mugak dituzten pertsonei edo desintegrazio- edo familia-arazo bereziak dituztenei arreta-zerbitzu zuzena eskaintzea du. Zerbitzua pertsona bakoitzaren etxean gauzatzen da, pertsonaren ohiko ingurunean, integrazioa eta iraunkortasuna ahalbidetzeko, ahalik eta kalitate handienarekin.

“Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuak, udalerrian, hilero 85 bat pertsonari laguntzen die. Zerbitzua jasotzen duen pertsonaren profila menpekotasun larria duen 89 urteko emakumea da. Zerbitzuak oso balorazio onak jasotzen ditu, bai zerbitzuaren onuradun diren pertsonen aldetik, bai familien aldetik. Izan ere, zaintzen esparruan babesa eta atsedenaldia eskaintzen du, baita kalitate handiko babes emozionala eta psikologikoa ere, modu profesional eta hurbilean”, azpimarratu du Etxebarriak.

Udalak 550.000 euro jarri ditu zerbitzu garrantzitsu horretarako, eta zenbait hobekuntza sustatu ditu, hala nola 24 orduko arreta-zerbitzua, susperraldi-zentro batean arreta integraleko egonaldia barne hartzen duena, eta pertsona erabiltzaileentzako laguntza-teknikoak: garabiak, ohe artikulatuak, makuluak edo eskorgak.

Halaber, martxan jarri da urruneko kontrolaren bidezko estimulazio kognitibo, laguntza eta arreta psikologikoko proiektu pilotua (arreta jasotzen duten pertsonen 10 etxebizitzatan gauzatu da). Premia larria dagoen kasuetan, gainera, etxe osoa garbitzeko lanak egingo dira.
Gainera, aurten berdintasun-zerbitzua luzatu da, 2012-2016ko Abanto Zierbenako Emakume eta Gizonen arteko III. Berdintasun Plana garatzeko asmoarekin. Zenbatekoa 35.500 eurokoa da.
 
Esku-hartze sozialerako laguntza teknikoa ere eman da. Gizarte-langile batek lanaldi osoan lan egiten du behar sozialak detektatzeko eta horiei arreta eskaintzeko. Halaber, eta beste lan askoren artean, baliabideak eta laguntza sozialak ere kudeatzen ditu beharra duten herritarrentzat. Zerbitzu horren kontratuaren zenbatekoa 64.000 eurotik gorakoa da”, adierazi du alkateak.

“Guztira 800.000 euro baino gehiago inbertitu dira une gogorrak bizi dituzten Abanto Zierbenako bizilagunei laguntzeko. Hori da gure konpromisoa eta erantzukizuna”, esan du, bukatzeko, alkateak.