Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak 4 garbigune berri instalatuko ditu udalerrian, ingurumenarentzako arriskutsutzat jotzen diren hondakinak utzi ahal izateko, hala nola pilak, inprimagailuaren tonerra, bonbillak, CDak, aerosolak eta plastikozko tapoiak.
“Hondakin horiek etxeetan sortzen dira normalean, eta batzuetan eguneroko zaborrarekin elkartzen dira; izan ere, ezerosoa da hondakin horiek ordutegi mugatua duten garbiguneetan uztea. Horregatik, Abanto Zierbenako herritarrei gauzak erraztu nahi dizkiegu, era erosoagoan birziklatzen jarrai dezaten” azaldu du Maite Etxebarria Abanto Zierbenako alkateak.
Gallartan bi instalatuko dira, Las Carrerasen bat eta Sanfuentesen beste bat. Gallartako edukiontzi berri horiek Meatzari etorbideko autobus-geltokian egongo dira, udaletxearen parean eta bulebar inguruan. Las Carreraskoa Ambrosio de Los Heros kalean egongo da, La Trinidad plazaren alboan. Sanfuenteskoa Pilar Abin plazan egongo da, ikastetxe zaharren ondoan.
Edukiontzi berriek diseinu erakargarria dute, eta bat dator hiriko altzarien estiloarekin. Gainera, publizitate-kanpainak jar daitezke bi aldeetan.
“Herritarrei udalak kudeatzen zituen zenbait hondakin (adibidez, pilak edo tonerra) entregatzeko erraztasuna ematea da xedea. Beste alde batetik, zerbitzu berri bat emango da: bonbillak, CDak edo aerosol txikiak biltzea” adierazi du Etxebarriak.
Laster martxan jarriko den edukiontzietan aerosol txikiak eta ertainak utzi ahal izango dira, hala nola higiene-, kosmetika- edo garbiketa- produktuekin erabiltzen direnak, medikamentuak edo pintura. Spray handiak garbiguneetan entregatu beharko dira oraindik.
Orain edukiontziak gertuago egongo dira (orain igarotze-eremuetan instalatuko dira) eta edozein ordutan erabili ahal izango dira; horri esker, herritarrek ez dituzte hondakin horiek etxean pilatu beharrik izango, hondakinak sortu ahala banaka bota ahal izango baitituzte.
“Ez gara bakarrik birziklatzeaz ari, elkartasunaz ere ari gara. Izan ere, edukiontzietan konpartimendu bat gehituko da plastikozko tapoiak biltzeko. Tapoi horiek interesa duten udalerriko elkarteei emango zaizkie, ongintzazko ekintzak finantzatze aldera”, esan du alkateak.
Hondakinak baimena duten langileek kudeatuko dituzte, berriz erabiltzeko edo birziklatzeko. Horrela, istripuak gertatzea saihestuko da, baita hondakin horiek dituzten produktu arriskutsuak isurtzea ere, esaterako, bonbillen eta pilen merkurioa edo aerosolen gasa.
“Sortzen ditugun hondakinen kudeaketan eta birziklatzean aurrera egitea da helburua, udalerriko birziklatze-indizeak hobetzeko”, baieztatu du Etxebarriak.
Datuen arabera, gero eta bizilagun gehiagok dute ingurumen-kontzientzia, eta euren zaborra bereizi eta dagokion edukiontzietan botatzen dute. Izan ere, gora egin du edukiontzi berezietan bildutako hondakin-kopuruak: 2005ean jasotako hondakin guztien % 10,75 izan zen, eta 2015ean, % 18,36.
“Erabilitako olioaren entrega nabarmen igo da: % 800 baino gehiago. 2015ean ia 8. 000 kilo jaso dira guztira. Antza denez, gehien birziklatzen duguna papera da: aurreko urtean 198. 307 kilo utzi ziren. Balantzea egitean azpimarratzekoa da, halaber, berriz erabiltzeko arropa, jostailuak eta etxeko tresna elektriko txikiak bildu direla: guztira, 30. 544 kilo”, zehaztu du alkateak.
Urteotan hobetu egin da gaikako bilketa: beharrezkoa zen guneetan edukiontzi gehiago eta beste gai batzuetarako edukiontziak jarri dira. Etxean erabilitako olioa gutxi biltzen zen 2005ean, eta kaleko edukiontziak instalatu direnetik gora egin du. Azken bi urteetan nabarmen igo da kopurua: 2013. urtean 4 edukiontzitik 6ra igaro baitzen.
Hondakin organikoak Gallartako hirigunean bakarrik biltzen dira, eta Sanfuentes eta Las Carreras inguruetara hedatzea aztertzen ari dira. Ezkerraldeko mankomunitateak egindako froga bukatuta, Udalak bere gain hartu du erabat zerbitzu hori kudeatzea.
Beirari dagokionez, bilketa hobetu egin da tabernetan. Haiek dira hondakin horren eragile handienak. Horretarako, kubo partikularrak entregatzeko zerbitzua jarri da eta ostalaritza-lokalen inguruko kaleetan edukiontziak instalatu dira, husteko sistema erosoagoa dutenak.
Birziklatzeko paperontziak ikastetxeetan
Abanto Zierbenak konpromisoa du ingurumenarekin eta birziklatzearekin. Horregatik, birziklatzeko paperontziak jarriko dira aurki Agenda 21en parte hartzen duten ikastetxeetan. Egitasmo hori udalerriko ikastetxeekin 2014-2015 ikasturtean egindako bileretan sortu zen. Guztira, 9 paperontzi instalatuko dira ikastetxe guztietan.

2015ean jasotako hondakin-kopuruak:
Papera- 198. 307 kg
Beira- 110. 416 kg
Ontziak- 114. 162 kg
Gainerakoa- 2. 646. 625 kg
Hondakin handiak- 113. 520 kg
Arropa - berriz erabiltzeko - 30544 kg
Olioa- 7. 878 kg
Pilak- 318 kg.
Tonerra- 62  kg.


Kartela ikusi (PDF 2,10MB)