Albisteak

 

Soilik hamabost egunean, herritarrei ahalik eta eragozpen gutxiena sortze aldera, Abanto Zierbenako Udalak lau erreforma handi egin ditu udal-igerilekuetan, eta berriro ireki zituen atzo, irailaren 1ean.

Lan sakon horren barruan, hasteko eta behin, igerileku txikiko lauza guztiak aldatu eta bateratu dituzte. Haur-igerileku hori batik bat herriko adingabeek erabiltzen dute. Jende ugari ibiltzen denez han, zorua erabat higatuta zegoen, eta haurrentzat ez zen batere atsegina han igeri egitea. Bestalde, igerileku txikia konpontzearekin batera, beste bi igerilekuak hustu, garbitu eta urberritu dituzte, urtero nahitaez egin behar diren mantentze-lanak direla eta.

“Nabarmentzekoa da, gainera, aireztapenaren eta aire girotuaren sistema garbitu dela: zikinkeria kendu eta klimatizagailuak desinfektatu dira. Horrez gain, hodi guztiak aztertu dira, eta apurtuta edo hondatuta zeuden elementuak aldatu. Harrigarria da zenbat hobetu den instalazioa”, esan du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Berritasun gisa, beste klimatizagailu bat instalatu da hezetasun-maila hobetzeko eta airea kontrolatzeko. Instalaziora sartu orduko nabari daiteke duela hilabete baino hezetasun gutxiago eta giro hobea dagoela. Azkenik, instalazio guztia oso-osorik garbitu da.

Lan horiek guztiak beharrezkoak dira kirol-denboraldiari bermerik onenekin eta errekorrezko denboran ekiteko. Ildo horretatik, ahalik eta bizkorrena lan egin nahi izan da, herritarrek albait arinen erabil zitzaten instalazioak. “Eta halaxe izan da. Obra hau antolatzen hainbat eta hainbat ordu eman ostean eta baliabide guztiak jarrita, garaiz iritsi gara instalazio osoa berriro erabilgarri egon dadin kirol-programa eta -jarduera guztiak martxan jartzeko”.

Obra egiteko, guztira 65.500 jarri dira: 49.000 euro klimatizagailu berria erosteko, 5.500 euro hodiak garbitzeko, eta 10.000 euro haur-igerilekua hobetzeko. Hiru lan horiek lehenengo aldiz egin dira instalazioak ireki zirenetik. Gobernu-taldeak lehentasuna eman nahi izan dio kirol-arloari, igerilekuak eta gainerako instalazioak egunero-egunero erabiltzen dituzten abantoar guztiak gogoan. Bestalde, legeak xedatzen duen moduan, beste bi igerilekuak hustu, garbitu eta urberritu dira bi aste hauetan, urteroko mantentze-lanen barruan.

Hemendik aurrera, martxan dira Abanto Zierbenako haurrentzako iraileko hastapen-ikastaro trinkoak eta igeriketa sinkronizatuko ikastaroa. Gainera, igeriketa-klubak jada ekin dio ikasturte berriari, helduentzako igeriketa programatuko ikastaroarekin eta ama izango direnentzako igeriketa-ikastaroarekin.

Azkenik, aipatzekoa da gimnasioko makina guztiak berrituko direla aurki. “Lehen zeuden makinak aldatu beharra zegoen, eta, erabiltzaileek hala eskatzen zigutenez, horixe egin dugu. 30 makina berri jarriko ditugu, hala indar-makinak nola ariketa kardiobaskularrak egitekoak. Denera 70.000 euro gastatu ditugu horretarako”, adierazi du, amaitzeko, Etxebarriak.