Albisteak

 

Autoen etengabeko zirkulazioa dela eta, Cotarro auzoko lurzorua pitzatuta eta zuloz beteta dago, eta ezinbesteko bihurtu da zoladura hobetzea, hau da, berritzea. Horrela, auzoak Gallartako erdigunearekin duen komunikazioa hobetu nahi da ibilgailuentzat eta, era berean, irudi atseginagoa eman nahi zaio Oilargorri plazaren inguruari. Cotarro udalerriko auzo garrantzitsua da, ondo errotutakoa, eta 310 biztanle ditu.

“Ez da irudia garbitzeko zerbait soilik; inguru horretako irisgarritasuna hobetzea da asmoa eta, hala, herritarrek auzo honetako erdigunetik Gallartako elizaren ingurura espaloietatik ibiltzeko duten aukera hobetzea eta haiei lehentasuna ematea. Bide honekin eta duela aste batzuk egin zen zirkulazioaren berrantolakuntzarekin, asmoa da lehentasuna oinezkoek izatea; izan ere, bideak Cotarro auzoa Gallartako hirigunearekin komunikatzen du. Horixe jakinarazi dute Maite Etxebarria Abanto Zierbenako alkateak eta Auzo, Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak.

Oilargorri plazan, galtzadarri motako testurekin inprimatutako asfaltoa erabiliko da. Aglomeratu inprimatuaren teknikak askotariko testurekin egindako akabera estetikoa ematen du, beroan egindako nahasketa bituminoso baten gainean inprimaketa edo estanpazio bat eginez. Inprimaketa-marrazkia nolakoa den, diseinuak askotarikoak izan daitezke. Teknika honen bitartez, zoladurei akabera etenak eman dakizkieke, esate baterako, adreiluzko, arbelezko edo harrizko galtzadarri bat, baina junturarik gabeko zoladurak ematen duen abantailekin. Horrela, erdi-oinezkoentzako plaza bat bihurtuko da, eta irudi berria emango zaio inauguratu berri den Oilargorri plazari.

Zoladura hobetzearekin batera, ageriko energia-, telekomunikazio- eta argiteria instalazio batzuk estaliko dira, plazari itxura hobea emateko.

“Jarduketa-eremua 1.760 m²-koa da; horietatik 592 asfaltu inprimatuzkoak izango dira, eta horrez gain, espaloien 40 m² berrituko dira. Orain Udala obra lizitatzen ari da, eta hilabete honetan jakingo dugu zein den enpresa esleipenduna, Gabonen ostean obrari ekin diezaioten.

Gaineratu behar da jarduketa hau egiteko Cotarroko bizilagunekin hitz egin dela. Haietako askok esaten zuten hobekuntza behar zela, eta orain, Abanto Zierbenako Udala eskari horri erantzuten ari da. Hala ere, ez dugu ahaztu behar 2010. urtean San Miguel osoa berriro urbanizatzeko obrak egin zirela.

Jarduketa honetarako 85.000 euro erabiliko dira. Badakigu Gallartako biztanleen laguntza dugula eta egoera ulertzen dutela, eta, gure aldetik, bizilagunei ahalik eta eragozpen gutxien eragiten saiatuko gara.