Albisteak

 

Neuroblastoma gaixotasuna duten haurren familia eta lagunen NEN elkarteak gaur jasoko du, Abanto Zierbenako udaletxean, joan den Meatzaljaiko baba-jan solidarioan bildutako diru guztia. Denera 400 errazio banatu ziren, eta guztira 1.500 euro bildu. Elkarteak ikerkuntzarako eta gaixotasunaren tratamendua bilatzeko baliatuko du diru hori.

Neuroblastoma haur-minbizia da, eta nerbio-sisteman sortzen da. Tumore pediatriko ohikoenetan hirugarrena da. Tratamendu eraginkorrak behar direla ikusirik, gaixotasuna duten edo izan duten haurren gurasoak elkartu egin dira, biziraupen-tasa areagotzea lortu ahal izateko (gaur egun, gaixotasuna duten haurren % 50ek baino gutxiagok lortzen dute bizirik irautea). Hortaz, ezinbestekoa da gaixotasuna ikertzeko eta tratatzeko funtsak biltzea.

Hala, koilarakada bakoitzari esker lortu ahal izan da helburua, eta elkartekideek 1.502,20 euroko txekea jaso dute gaur, Abanto Zierbenako Udaleko bilera-aretoan. “Errazio denak saldu ziren. Oso harro gaude Meatzaljaian parte hartzen duten lau udalerrietako herritar guztien laguntzagatik, haiei esker eman ahal izan baitugu gaur txeke hau, gaixotasun horren kontrako borrokari eusteko”, adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Alkatearekin batera, txekea emateko ekitaldian izan dira gaixotasun hori duten haurren senide eta lagunak, eta laguntzeko prest daudela adierazi die alkateak. Elkarteak lan handia egiten du, eta, merkataritza-azokako baba-jan solidarioa bezalako ekintzekin, funtsak biltzen ditu neuroblastomaren ikerketaren arloko Espainiako zentro onenetako ikerketa-proiektuak diruz laguntzeko. Gainera, Meatzaljaian, NENeko kideek gaixotasunari buruzko informazioa eman ahal izan zieten bertaratuei.