Albisteak

 

Larunbat Alai programari esker, Abanto Zierbenako familiek aukera dute asteburuetan modu dibertigarri eta didaktikoan elkarrekin gozatzeko eta, are hobeto, udalerritik irteteko beharrik gabe. Meatzaldeko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak aurten ere aisialdirako proposamen honen urteko kanpaina martxan jarri du; kanpaina horren bitartez, hainbat ikuskizun egingo dira udalerriko auzoetan.

Larunbat Alai adingabeak dituzten familiei zuzenduriko aisialdi eta denbora libreko programa bat da. Programak helburu bikoitza du: alde batetik, ondo pasatu bitartean euskararen erabilera sustatzea, eta, bestetik, Abanto Zierbenako kultura-eskaintza hobetzea.

“Programa duela 5 urte jaio zen. Orduan Dibertiplana zuen izena eta, hasiera-hasieratik izan zuen harrera ona ikusirik, urtez urte egin da, urtean 8 emanaldi eskaintzera iritsi arte. Jarduera bakoitzean 30 familiak hartu dute parte batez beste. Beraz, Larunbat Alai ekimenak osasun ezin hobea du; horregatik, aurten ere, ekimenaren aldeko apustua are gehiago indartu dugu”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Formatu txikiko ikuskizunak dira, eta helburua da Gallarta, Sanfuentes eta Las Carreras auzoetaraino eramatea merkatuan dauden eskaintzarik berrienak.

Larunbatetan, arratsaldeko seietan, Abanto Zierbenako familiek hitzordua dute dibertsioarekin eta artearekin. Familian emateko kalitatezko tartea, gurasoen eta seme-alaben arteko harremana sendotzeko.

Urtarrilaren 30ean, larunbatean, Las Carreraseko Montaño aretoan, “Txuri Beltz” pailazoaren eta bere txotxongiloen emanaldia. Otsailaren 27an, larunbatean, Sanfuenteseko eskola zaharrean izango da emanaldia; bertan, “Monta eta Lironda” pailazoek barre-algarak eragingo dizkigute. Apirilaren 30ean, Gallartako Kultur Etxeko ekitaldi-aretoan Elvi sabeliztuna izango dugu.

Ekainean, berriz ere Las Carreraseko Montaño aretoan, txotxongilo-antzerkia: Karolino printzesa eta dragoiaren burua. Udan geldialdi laburra egin ondoren, irailaren 24an Marsel magoak magiaz beteko du Sanfuenteseko eskola zaharra. Urriaren 29an, magiak Gallartako ekitaldi-aretora eramango gaitu, Magiklown ikuskizunarekin. Emanaldiz beteriko urteari amaiera emateko, 26an etxeko txikiei zuzenduriko animazioa izango dugu, Parranda Tutiplenekin.