Albisteak

 

Loreek, zuhaixkek eta zuhaitzek apaindu, koloreztatu eta alaitu egiten dituzte Abanto Zierbenako kaleak. Udaberriarekin batera, iritsi da herri osoan jardinerak betetzeko eta lorezaintza-lanak egiteko garaia.

“Sasoikoak ez diren lore berriak jartzen ari gara herri osoko 143 jardineretan, gehiago iraun dezaten.

Gainera, zuhaixka eta landare bizkorrak jartzen ere ari gara, jardinerei urte osoan kolorea eman diezaieten. Horrela, gure kaleak ederrago egingo ditugu, eta kostuak aurreztuko ditugu, gainera. Hartara, aurreztutako diru hori premia handiagoa duten beste partida batzuetarako erabili ahalko da”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxeberriak.

Landare berriek ez dute horrenbeste ur behar, eta, horrela, ur gutxiago kontsumituko dute urteko sasoi beroenetan. Era berean, sustraiak botatzen dituztenean, zailagoa izango da ekintza bandalikoen eraginez errotik ateratzea. Horri esker, jardinerak urte osoan txukun-txukun eduki ahal izango dira. Bestalde, jardinera guztietako lurra konpost organikoarekin hobetu da, eta horietako batean ere ez da erabili ongarri kimikorik. Jardinera berriek, guztira, 5.000 euroko kostua eragin dute.

Zerbitzu hori esleitua duen enpresa da jardinerak zaindu eta landatzeko arduraduna, eta bi pertsona aritzen dira loreak ureztatzen eta zaintzen. Nabarmentzekoa da lan horiek enplegu babestuaren barruan egiten direla eta Udalak konpromisoa duela herri honetako pertsona desgaituekin.

Hainbat lorezaintza-lan egingo dira herriko zenbait eremutan; Las Carrerasen lehendabizi, Maria Auxiliadora eta Gure Etxearen artean. Arteak landatuko dira aurrekoak baino bizkorrago hazten diren pagoekin batera, bertako zuhaiztien guneak sortzeko. El Casalen, bestalde, urkidi bat jarriko da, inguruari gorputza emateko.

Las Carrerasko Erretiratuen Etxearen ondoko lorategietan, udan lore zuriak botatzen dituzten zuhaitz txikien basotxo bat landatuko da. Azkenik, Sanfuentesen, Serantes etxe-multzoan, Prunus pisardi landareen zuhaizti bat jarriko da, hiruko bi taldetan. Gaur egun, inguru horrek ez du batere kolorerik, eta askotariko zuhaitz horiek kontrastea egingo dute hosto gorrixkekin. Guztira, dozena bat zuhaitz berri landatuko dira, eta horrek 1.500 euroko kostua ekarriko du.

“Gure herriak erakargarria behar du izan, eta aurkezpen-karta ona eduki behar du hala bisitarientzat nola herritarrentzat; ildo horretatik, loreek eta zuhaitzek berotasuna eta alaitasuna ematen dute”, esan du, bukatzeko, Etxebarriak.