Albisteak

 

Abanto Zierbenako kirol-instalazioetako langileek ibilgailu elektriko berria dute. Udalak furgoneta elektriko bat erosi du udalerriko instalazio batetik bestera materiala eta langileak eramateko. Ibilgailua ekologikoa eta oso isila da. Ibilgailu berri hori Udalaren garajean ezaugarri horiek dituen lehena da. Ez du erregairik erabiltzen, trakzioko bateria batean biltzen duen energia elektrikoa baizik.

“Orain dela gutxi udalerriko igerilekuen irisgarritasuna hobetu dugu, desgaitasunen bat eta mugikortasun urria duten pertsonei uretara sartzen laguntzen dien garabia bat instalatu baitugu. Oraingoan, furgoneta elektriko honekin, kirol guneak jasangarriagoak eta ekologikoagoak izatea lortu nahi dugu”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Furgonetaren ECO funtzioak ibilgailuaren autonomia optimizatzen du; izan ere, motorraren errendimendua mugatzen du, ibilgailua jasangarriagoa izan dadin. Ingurumena babesteko sortua da, fabrikaziotik hasita eta ibilgailuaren bizitza osoan emango zaion erabilerara arte.

Ibilgailuaren % 80 birziklatu egin daiteke; materialak eta egitura bereziki diseinatu dira osagarriak desmuntatu ahal izateko eta zentro espezifikoetan tratatu ahal izateko. Lehengaien baliabideak zaintzeko xedearekin, birziklatutako plastikozko eta material berriztagarrietako hainbat pieza ditu (hala nola, landare eta animalia jatorriko materialak, kotoia edo artilea, hurrenez hurren). Martxan dagoen bitartean berotegi-efektuko CO2 gas gutxiago askatzen du; beraz, gutxiago kontsumitzen du.

“Langileek ezkerreko oina ez erabiltzeko ohitura hartu behar dute, auto automatikoetan bezala. Azeleragailuko pedaletik oina altxatzen denean edo balaztaren pedala zapaltzen denean, dezelerazioan, motorrak korronte elektrikoa sortzen du, eta horrek ibilgailua geldiarazteko eta bateria kargatzeko balio du”, jakinarazi du Etxebarriak.

Udalerriko igerilekuko etxabean karga zentral bat instalatu da, galdara-gelan, hain zuzen ere, beharrezkoa den guztietan trakzio-bateria kargatu ahal izateko. Kargak gauez egingo dira, hurrengo eguneko lanaldian furgoneta % 100ean erabili ahal izateko.

“Ekofurgoneta” horrek 135 km-ko gehienezko autonomia du, gidatzeko moduaren eta ibilbidearen ezaugarrien arabera. Kargatzeko, deskarga elektrikorik jasotzeko arriskurik egon ez dadin, karga-kable bat erabiliko da. Karga prozesuak 6 ordu iraun dezake eta ibilgailuak gainkargak ekiditeko segurtasun-sistema bat du.

“Udala oso inplikatuta dago ingurumenaren babesean eta bide horretan aurrera jarraitu nahi dugu. Horregatik, Udalaren auto sortari furgoneta elektriko bat gehitu diogu, Abanto Kirolak izena duena. Apustu ekologiko honek 25.000 euroko gastua ekarri du. Kirol-instalazio jasangarri eta irisgarrien alde ari gara lanean”, azpimarratu du Etxebarriak.