Albisteak

 

Beste behin, Emakundek Berdintasun Foroa martxan jarri du emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde lan egiten duten erakunde eta elkarteen lana bildu, argitara atera eta indartzeko. Oraingoan, gainera, berdintasunaren balioari eta orain arte lortutakoa galtzeko arriskuari buruzko hausnarketa egin nahi da.

Emakumeen eta Gizonen arteko  Berdintasunaren 2016ko Foroa Euskadi osoan zehar egingo da irailaren 30etik abenduaren 18ra arte, eta aurtengo leloa “Berdintasuna ez da berez sortzen, egin egiten dugu” izango da. Aurten ere ikusgarritasuna areagotzearen aldeko apustua egin dute, eta egoitza ibiltaria Euskadiko herri eta hirietatik igaroko da lau hilabeteetan zehar.

Autobus ibiltaria

Meatzaldeko udaletxeko Berdintasun Arloak autobus ibiltariari ongi etorria emango dio urriaren 27an, ostegunean. Gallartako Eusko Gudariak plazaren atzealdean egongo da, arratsaldeko seietatik zortzietara.  Horrez gain, “Gizon berrien kontakizunak” izeneko bideo-forum bat ere egongo da.

“Inguruko eskoletako taldeak nahiz bertara joan nahi duten herritar guztiak sentsibilizatzeko gela bihurtuko da autobusa. Horrela, desberdinkeria benetan nolakoa den ikusiko dute” adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxeberriak.

Herriko ikasleek, zehazki DBHko 1. eta 2. mailakoek eta Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailakoek, publizitatean eta zinean dagoen sexismoa aztertzeko aukera izango dute autobusean. Komunikabideetan agertzen diren estereotipoak antzemango dituzte eta, horrez gain, emakumeak kirolean duen rolaren gainean eztabaidatuko dute. Autobusa jada El Casal, Etorkizuna ikastolatik, Buenos Airesetik edo Askartza Itsusi ikastolatik igaro da. Urriaren 27an Dolores Ibarruri institutura eta Gallarreta tailerrera iritsiko da, Eusko Gudariak plazaren atzealdean dagoen aparkalekuan egongo baita (arratsaldez).

“Gure helburua da egunerokotasunean gure inguruan ikusten ditugun eta gainditu behar diren diskriminazio-egoerei buruz hausnartzea” esan du Etxebarriak.

Berdintasun Foroa orain dela hamabi urte antolatu zen lehen aldiz Euskadin, eta oraingoan ere herriz herri ibiliko da desberdinkeria salatzen autobus baten laguntzaz. Aste honetan Abanto Zierbenaren txanda da; udalerriak arlo horretan lan egiten jarraitzen du, eta ekimen asko antolatzen ditu emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde.