Albisteak

 

Abanto Zierbenak festan murgilduta esango dio agur irailari; izan ere, hil bukaeran Kotarro auzoak San Miguel festak ospatuko ditu, urtero bezala.

Festak irailaren 30ean hasiko dira, ostiralean, eta urriaren 2an bukatuko. Lehenengo egunean, ostiralean, arratsaldeko zazpietan, Adizmik pregoia irakurriko du eta Kotarro Oilargorri Elkarte Kulturalak aurkezpena egingo du. Elkarte hori festen arima bilakatu da azken urteotan.

San Miguel festak saltoka hasiko ditugu; izan ere, zazpiak eta laurdenetik aurrera, puzgarriak egongo dira herriko txikientzat. Askaltzeko, txorizoa parrilan.

Hamar eta erdietan, ekitaldi nagusia izango dugu: Kotarrock. Grisu, Bostenbor, Huts eta The Barrenos taldeek hartuko dute parte; hortaz, ikuskizuna eta erritmoa bermatuta daude.

“Kotarrocken edizio honetan eskualdeko taldeen aldeko apustua egin dugu berriro ere, eta hori beti da ona. Kotarro festa handiak dituen auzo txikia da, eta eskerrak eman behar dizkiogu Kotarro Oilargorri Elkarte Kulturalari, haiek berreskuratu eta biziberritu baitituzte jaiak. Atzean ahalegin, gogo eta lan ugari dago, eta hori nabarmendu egin behar dugu”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Goizaldeko hiru eta erdietatik aurrera, ez pentsa etxera joateko unea iritsi denik; izan ere, festak txosnetan jarraituko du, gorputzak eutsi bitartean.

Eta larunbatarekin urria iritsiko da. Goizeko hamabietatik aurrera puzgarriak eta tailerrak egongo dira etxeko txikientzat. Baina nagusientzat ere plan ederra dago, “Kotarro atzo eta gaur” argazki-erakusketa ikusgai egongo baita. Ordu bi eta erdietan, festa maitatu hauetan ohikoa bihurtu den legez, herri-bazkaria egingo da Oilargorri plazan. Joan den urteko urrian ireki zen plaza honetan, menu gozo-gozoa izango dugu: paella, solomoa osagarriekin, azkenburukoa eta, nola ez, kopa.

“Herri-bazkariko txartelek 15 euro balio dute eta dagoeneko salduta daude. Aurreikuspenen arabera, 196 pertsona elkartuko dira bazkaltzeko. Herri-bazkaria festetako ekitaldirik gogokoenetako bat da, herritar guztiek elkarrekin goza dezaketelako.

Mahaiaren inguruan sortzen den giroa bikaina da; horregatik, mundu guztia animatu nahi dugu”, azaldu du Etxebarriak.

Bazkalondorako, berriz, ez dago mus-txapelketa bezalakorik. Gainera, luzaroan eserita egoteak hankak zurrundu ez ditzan, bostetan zuzeneko musika izango dugu Nektar duoaren eskutik. Eta gorputzak dantzan jarraitu nahi badu, zazpietan Zumba egongo da.

Gaueko hamaiketan, Kotarrock izango dugu berriz ere, Cuarto Traste eta Gora Herria taldeekin.
Gauerdian, su-festa eta, egun bikaina bukatzeko, musika gehiago txosnetan, egunsentia iritsi arte.

Igandean, urriaren 2an, ordura arte jandakoa, ziurrenik, gehiegitxo, erretzeko, herri-lasterketa egingo da haur eta helduentzat, goizeko hamaiketan. Handik ordubetera, puzgarriak irekiko dira, eta hamabi eta erdietan Vespa eta Lambretta erakusketa egongo da motozaleentzat. Eguerdian, berriz, txotxongilo-ikuskizuna.

Arratsaldeko hiruretan, tortilla-txapelketa. Plazan prestatu behar dira, eta ordu bi eta erdiak baino lehenago aurkeztu. Izen-emateak bi euro balio du.

Eta tortilla-pintxoen ondoren, ez dago igel tokara jostatzea baino hoberik. Bostak eta laurdenean, tiragoma erakusketa, Peña Enkarterri Tiragomas taldearen eskutik. Eta festak ez du etenik izango, Oilargorriko Buenos Aires eskolatik behera festetako pertsonaia ezaguna jaitsiko delako; ibilaldia bukatutakoan, erre egingo da. Kotarron biziko dugun asteburu nekaezinari amaiera emateko, sardina-jana egingo da.

Gora Kotarroko jaiak.