Albisteak

 

Begoña Artabe euskal artistaren lan interesgarria Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoan jarriko dute ikusgai aste honetatik aurrera. Artabe zornotzarrak Hodeismoa ekarriko digu, artistak berak 90eko hamarkadan garatutako arte-mugimendua; Hodeismoak, euskarazko hodei hitzetik abiatuz, hodei batetik irudikaturiko gizartea erakusten du.

Haren lanak behin baino gehiagotan eraman dituzte Iruñera, Idahora, Donostiara, Parisera, Bartzelonara, Lekeitiora, Zumaiara, Bermeora eta Gernikara, besteak beste. Orain, berriz, Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoko erakustaretora ailegatu dira.

“Ohore handia da gurean edukitzea Begoña Artaberen koadroak, hain koloretsuak eta biziak. Pintzelada bakoitza sentimenez betea dago. Erakusketa hau, zalantzarik gabe, Aste Santuko oporretan nahitaez bisitatu beharrekoa izango da”, esan du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Begoña Artaberen lanek hainbat fase igaro dituzte: viktoriarra, surrealismoa eta abstrakzioa, baita espresionismoa eta fauve estiloa ere. Ondoren, keinu bidezko lanak egin ditu, lan plastikoak, materialak eta eskultorikoak, gero eta eskematikoagoak. XX. mendearen bukaera aldera, arkeologiaren aldetik indar handia zeukan mundu bat garatu zuen. Aparteko teknika hori nabari zen Povera estiloan; lur purua landu zuen, hala nola Jordango harriak, Atapuercako lurrak eta Petrako harri arrosak. Haren lanen bidez, ikusleek mezu bat jaso eta garatzen dute.

Pintura modernoek, lihoz, zurez, pergaminoz, argizariz eta tindu originalez egindakoek, emakume ikaragarri honen mundura garraiatzen dute bisitaria, erritmoz eta musikaz blaitutako mundu batera.

Artabek basoetako natura, loreak, itsasoa eta beste irudikatzen ditu, betiere euskal arima oinarri hartuta. Izan ere, Euskal Herria du abiapuntu; Hodei, lainoa ez ezik, Mariren semea ere bada euskal mitologiaren arabera. Hodeik ureztatzen ditu zelaiak, Hodeik ematen dio lurrari hain beharrezkoa duen ura.

Sortzaileak, arte plastikoen munduan irakasten daukan eskarmentu zabalak bultzatuta, ikuslea behatzen, hausnartzen eta eboluzionatzen jarri nahi du bere Hodeismoaren bidez. Hark esana da hau: “artearen helburua bizi garen gizartearen memoria izatea da”.

Margolari honek Euskal Herriko ibar eta mendiak ditu inspirazio-iturri; hodei trinkoak irudikatzen ditu gainaldean, ikuspuntua zeruaren arrasean jarrita. Bisitariek ekainaren 30era arte edukiko dute erakusketa ikusteko aukera.

“Trazu bakoitzean agerikoa da bere jatorriari dion maitasuna; erakusketa hau hodeietan zeharreko sekulako ibilaldia da”, esan du, bukatzeko, Etxebarriak.