Albisteak

 

Hemen da urteroko Euskal Astea, eta, aurten ere, proposamenez betetako egitaraua dakar. Apirilaren 17tik 24ra euskara izango da udalerriaren motor. Igandean hasiko da edizio berria, III. Herri Martxarekin. Joan den urtean, 600 pertsona baino gehiago bildu ziren Gallarta, Las Carreras eta Sanfuentes zeharkatzen dituen herri-martxa honetara. “Aukera ederra da familiarekin eta lagunekin egoteko eta, era berean, kirola egiteko eta euskaraz hitz egiteko” adierazi du Maite Etxebarriak, Abanto Zierbenako alkateak.

Mintzodromoa bigarren aldiz egingo da apirilaren 18an. Goizean Gallartako Eusko Gudariak plazan egingo da, eta arratsaldean, berriz, Las Carrerasko Haritzalde plazan; bertara joaten direnek euskaraz hitz egin ahal izango dute giro lasai eta atseginean, eta jende berria ezagutu. AEK Euskaltegiak, Dolores Ibarruri Institutuak, Axola Euskara Elkarteak eta Berbalagunek parte hartzen dute topaketa horretan.
“Gure udalerrian euskara sustatzeko 8 egun dira” nabarmendu du Etxebarriak.

Apirilaren 19an, asteartean, goizeko hamarretan, “El Conquis” saioko parte-hartzaile Ibon Urrutiak “Nahidudalako” kanpainari buruzko hitzaldi bat emango du Dolores Ibarruri Institutuan, gazteak euskara ikasten jarraitzera animatzeko. Hurrengo egunean, apirilaren 20an (asteazkena), haurrek txotxongilo-emanaldia izango dute 17:30ean, Sanfuentesko eskoletan. Apirilaren 20tik 29ra, Gallartako Liburutegian “Euskal idazle emakume gazteak” erakusketa ikusi ahal izango da.

Apirilaren 21ean, Bertso Topaketa egingo da Gallartako Kultur Etxean. Udalerriko ikastetxe guztiak daude gonbidatuta. Euskal Asteko ekitaldi nagusietako bat, ordea, “Pirritx, Porrotx eta Marimotots”-en emanaldia izango da, zalantzarik gabe. Gallartako Txikito Frontoian izango da, apirilaren 22an (ostirala), 17:30ean.

“Sarrerak apirilaren 19tik aurrera erosi ahal izango dira HAZen, Haritzalde plazan eta Gaztegunean. Badakigu ikusmin handia dagoela eta sarrerak azkar amaituko direla; hortaz, ohartarazi nahi dugu pertsona bakoitzak 6 sarrera eros ditzakeela gehienez ere” azaldu du alkateak.
Bestalde, ostiral gauean Bertso Afaria izango da Las Carrerasko Bar Angulon, Axola Elkartearen eskutik.

Aurten, berritasun gisa, udalerriko kuadrillen lehen topaketa egingo da Euskal Astean. Las Carrerasko Trinitate plazan izango da, apirilaren 23an, larunbata, eguerdiko 12:00etan. “Jolasak, musika eta dibertsioa gure udalerriko gazteentzat. Euria egiten badu, Las Carrerasko frontoian egingo da ekintza hau” adierazi du Etxebarriak.

Euskararen aldeko aste hau amaitzeko, bizikleta-martxa egingo da, beti bezala, apirilaren 24an, igandea, eguerdiko hamabietan. Abanto AEK Euskaltegiak antolatutako ekintza da, eta euskara udalerriko txoko guztietara eramango du, pedalei eraginez. “Kirol-jardueretan euskararen erabilera sustatzea da Euskal Astearen helburuetako bat” gogorarazi du Etxebarriak.

Kutsu euskalduna duen kultura- eta kirol-astea eskainiko du Abanto Zierbenako Udalak egun hauetan. Horrez gain, udalerriko herritarrek euskara ardatz duten plan gehiago egin nahi badituzte, Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoak ere Euskal Astea ospatuko du eta euskaraz eskainiko ditu jarduera guztiak. Gainera, euro baten truke egin ahal izango dira bisita gidatuak.

ANIMA ZAITEZTE ETA ONGI ETORRI EUSKAL ASTERA.

Egitaraua