Albisteak

 

Abanto Zierbenak etengabeko prestakuntzaren aldeko apustua egiten du, funtsezkotzat jotzen baitu gazteen enplegua sustatzeko. Hori dela eta, Meatzaldeko Udal honek uretako sorospenen ikastaro bat egingo du 30 urtetik beherako gazteentzat.

Ikastaro hori Bizkaiko Foru Aldundiarekin sinatutako Meatzalde Gaztedi hitzarmenaren barruan egingo da; hitzarmenaren helburua da, hain zuzen, gazteei prestakuntza profesional egokia ematea, lan-munduan errazago sar daitezen. Abanto Zierbena izango da buru egitasmo honetan, eta Meatzaldeko gazte guztientzat pentsatuta dago. Zehazki, 8.137 euro emango ditu ikastaro hori egiteko, eta diruz lagunduta egongo da oso-osorik.

“Ikastaroan 18 eta 30 urte bitarteko 15 gaztek hartuko dute parte. Prestakuntza jaso ahal izateko, sarrera-proba bat egin beharko dute: 200 metro igerian, 4 minutu eta 15 segundo baino gutxiagoko denboran. Lehenengo 20 metroak urpeko apnean egin beharko dituzte, eta gainerako 180ak estilo bakarrean: crawl edo bular-igeriketa”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Uretako sorospenen ikastaro honen bidez, parte-hartzaileek uretako edozein instalaziotan sorosle gisa aritzeko behar duten titulazioa lortuko dute. Hori da, hain zuzen ere, ikastaroaren helburuetako bat; alabaina, baditu beste helburu batzuk ere: prebentzio- eta erreskate-teknikak ikastea, sorospen-zerbitzuen eta uretako instalazioen funtzionamendua ezagutzea eta larrialdietan oinarrizko lehen laguntzako teknikak praktikan jartzen jakitea.

Alkateak jakinarazi duenez, “ikastaroa honela banatuta egongo da: 32 ordu lehen laguntzako teknikak ikasteko, 8 ordu bihotz-biriketako bizkortzea (BBB) egiten eta desfibriladorea (DESA) erabiltzen ikasteko, eta 60 ordu, ikastaroaren zati nagusia alegia, uretako sorospenen inguruko prestakuntza jasotzeko. Ikastaroa azarotik urtarrilera bitartean egingo da, ostegunetik larunbatera, eta guztira 100 ordukoa izango da, praktikak barne”.

Ikastaroak barne hartuko ditu, batetik, eskola teorikoak, kontzeptuak eta teknikak azaltzeko, eta, bestetik, eskola praktikoak, ikasgelan ikasitakoa hobetzeko. Eskola praktikoak udal-igerilekuetan egingo dira.

Azaroaren 9ra arte eman daiteke izena (asteazkena), Abanto Zierbenako Gazte Informazio Bulegoan.
“Herriko 30 urtetik beherako gazteak izena ematera animatu nahi ditugu; aukera oso ona da etorkizunean lana aurkitzeko, eta leku-kopurua mugatua da”, esan du, amaitzeko, Etxebarriak.