Albisteak

 

Udalak diruz lagunduriko ikastaro berri horrekin, proiektu propioa izanik euren enpresa zabaldu nahi duten ekintzaile abantoarrek edo enpresa arrakastaz nola kudeatu ikasita negozio-ideia bat garatu nahi dutenek beste aukera bat izango dute horren inguruko trebakuntza jasotzeko.

Ikastaroaren bidez, enpresa-egitasmoak garatzeko laguntza eman nahi da, eta ekintzailetasuna sustatu. “Helburua da partaideek negozio-ideia bat martxan jartzeko behar dituzten ezaguera, jarrera eta gaitasunak eskuratzea”, azaldu du Maite Etxebarriak, Abanto Zierbenako alkateak.

Ikastaroa 30 ordukoa izango da, eta astelehen honetatik datorren astelehenera arte emango da (apirilaren 4tik 11ra, hain zuzen), garai bateko Meatze Ospitalean dagoen enpresa-mintegian. Jada 15 pertsona ari dira ikastaroa egiten. “Marketin-plan bat osatzen dute, eta merkatua aztertu; gero, beharrezko baliabideak ematen zaizkie, euren negozioa modu profesionalagoan eta hobeto abia dezaten”, esan du Etxebarriak.

Ikasleei azaltzen zaie garrantzitsua dela negozio-plan bat egitea enpresa sortu aurretik. Partaideek denetariko enpresa-proiektuak ekarri izan dituzte ikastarora: haurtzaindegi bat, elektroestimulaziorako zentro bat, eskalada-zentro bat, negozio digitalak, ganadutegi bat eta urtebetetzeak ospatzeko txoko bat alokatzeko zerbitzua, besteak beste.

Nabarmentzekoa da Abanto Zierbenako Enplegu eta Lehiakortasun Planaren zortzi jarduera-ildoetako bat ekintzailetasuna sustatzean datzala; ildo horretatik, jarduera ekonomikoa eta enplegua areagotu dira herrian. Horren erakusgarri dira 2015eko datuak: 30 ekintzaileri eman zitzaien trebakuntza oraingo ikastaro honen antzeko beste batzuetan, eta 16 enpresa berri eratu ziren.

“Pertsona ekintzaileek eginarazten diote aurrera munduari. Horregatik, udal honek ekintzailetasuna sustatu eta babestu nahi du. Gainera, negozio bat ireki aurretiko prestakuntza oso aberasgarria da, ideia on bat errealitate bihurtzeko gakoak deskubritzeko bide ematen duelako”, esan du, amaitzeko, Etxebarriak.