Albisteak

 

Abanto Zierbenak udalerriko eskolen arteko lehen marrazki-lehiaketa antolatu du. “Ezagutzen dugu edukiontzi marroia” da txapelketaren izena; lehen hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako eta DBHko lehen zikloko ikasleek marrazki bat egin beharko dute hondakin organikoen edukiontzia apaintzeko.

“Ikasleek irudimena erabili beharko dute euren artista-dohainak erakusteko. Marrazkiak edozein teknikarekin egin ahal izango dira. Hori bai, DIN A4 edo DIN A3 formatuetan aurkeztu beharko dira”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Lanak aurkezteko azken eguna maiatzaren 19a izango da, eta marrazkiak eta behar diren agiriak Gaztegunean aurkeztu beharko dira, Bizkaia plazako atzealdean, Gallartan.

Udal-teknikari batek eta Ortzadarreko teknikari batek osatutako epaimahaiak balioztatuko ditu lan guztiak. Marrazki irabazlea hondakin organikoen edukiontzi batean jarriko da, eta irabazle bakoitzak sari bat jasoko du: eskola-materiala. Ikastetxe bakoitzeko marrazki irabazle bat aukeratuko da.

“Egitasmo honen bitartez, edukiontzi marroia ezagutaraziko dugu, hau da, hondakin organikoak bota behar diren edukiontzia. Gainera, haur irabazleek edukiontzi horietan ikusiko dituzte euren marrazkiak, eta hori ere sari handia da”, nabarmendu du Etxebarriak. Sari-banaketa ekainaren 13an egingo da, Aste Berdearekin bat eginez, Gallartako Kultur Etxeko Ekitaldien Aretoan, arratsaldeko zazpietan.

Oraintxe bertan, 23 edukiontzi marroi daude udalerrian; zehazki, Gallartan. 2013. urtean jarri zen abian proiektua, Ezkerraldeko zaborren mankomunitatearen bitartez, Abanto erabili baitzen udalerri aitzindari gisa. 2015etik aurrera, ordea, Udalak kudeatzen du, eta udalerri osoan jartzeko ideia aztertzen ari dira.

Edukiontzi marroiaren bitartez, 55.160 kilo bildu dira iazko abendura bitartean, eta asmoa da datorren irailean informazio- eta sentsibilizazio-kanpaina bat egitea Abanto Zierbenako familia gehiago elkartzeko.

Abanto Zierbena ingurumenarekin konpromisoa duen udalerria da, eta bertako ikasleek bosgarren edukiontziari edo edukiontzi marroiari buruz dakitena erakutsi dezaten nahi du. Edukiontzi hori etxean sortzen diren landare-hondakin organikoak (gordinak zein kozinatuak) birziklatzeko sortu zen.

Zorte on eta margotzera!