Albisteak

 

Uda hurbiltzen ari da eta, horrekin batera, hiriko udalekuak, urtero legez. Abanto Zierbenako udalak hamabi urte daramatza herriko haur eta gazteentzako eskapada eder hauek antolatzen. Primerako aisialdi aukera da gazteentzat, baita funtsezko laguntza ere familientzat; izan ere, garai berezi hauetan laguntza behar izaten dute antolatzeko, seme-alabek denbora libre asko dutelako.

“Joan den urtean 235 gaztek hartu zuten parte udalekuetan. Balioen hezkuntza indartzen da eta aisialdian euskara erabiltzea sustatzen da, testuingururik egokienean: opor-garaian", gogorarazi digu Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

“Bi hilabete baino ez dira falta gazteek ikasturtea bukatzeko; horregatik, dagoeneko hasi gara 2016ko hiriko udalekuak antolatzeko lanetan. Kalitatezko programazioa prestatu nahi dugu, eta horrek denbora behar du; gainera, gure txikiek onena izan dezaten nahi dugu”. Hori dela eta, atzotik, maiatzaren 2tik (astelehena), izena emateko epea irekita egongo da, maiatzaren 6ra arte, ostiralera arte. Izena HAZen eman daiteke 07:30etik 14:00etara.

Udalekuak ekainaren 27tik uztailaren 29ra izango dira, eta 4 urtetik 15 urtera arteko gazteek parte hartu ahalko dute. Adinaren arabera banatutako lau talde egongo dira: txikiak (4 eta 6 urte bitartean), ekainaren 27tik uztailaren 8ra; ertainak (6 eta 8 urte bitartean), uztailaren 11tik 22ra; nagusiak (9 eta 11 urte bitartean), uztailaren 18tik 29ra, eta gazteak (12 eta 15 urte bitartean), uztailaren 5etik 15era.

 Hiriko udalekuak Las Carreraseko Askartza Isusi ikastetxean eta Gallartako Gaztegunean izango dira; bertan parte hartuko duten haurrek garraioa izango dute auzo nagusietatik erdiguneraino, eta bertan koordinatuko dira jarduera guztiak. Goizeko bederatzi eta erdietatik arratsaldeko lau eta erdiak arte, astelehenetik ostiralera, uztaila osoan zehar, gazteek aukera izango dute esperientzia eder hau bizitzeko; horrek, gainera, lana eta familia kontziliatzen lagunduko die Abanto Zierbenako familia guztiei.

Parte-hartzaileek parte hartzen duten txandako 55 euro ordainduko dituzte; neba-arreba bat baino gehiago apuntatuz gero, hurrengoek erdia ordainduko dute. Udalekuek balio dutenaren % 60 baino gehiago Udalak diruz laguntzen du.

“Konfiantza areagotzeko jolasak, mahai-jokoak, ur-jolasak, antzezpenak, gimkanak, herri-kirolak eta bestelako kirolak egingo dituzte gazteek. Horrez gain, parte-hartzaileek tailerrak, eskulanak eta irteerak ere egingo dituzte: lan eta lan ari gara hilabete osorako programa osatzeko”, adierazi du alkateak.

Izena emateko epea bukatu ondoren, taldeak egingo dira eta familiekin harremanetan jarriko gara, udalekuei buruzko informazio guztia emateko. Alkateak esan duenez “Abanto Zierbenako ume bat ere ez da kanpoan geldituko; ahalegin handia egingo dugu guztientzako tokia izateko; izan ere, gazteak gure lehentasuna dira”.

Udaleku hauei esker, gazteek kalitatezko aisialdia izango dute eta primeran pasako dute.