Albisteak

 

Azaroari hasiera emateko, merkataritza-bonuaren beste edizio bat jarriko da abian Abanto Zierbenan. Bosgarren aldiz emango zaie herritarrei kupoia eskuratzeko aukera; horretarako, 20 euro ordaindu beharko dituzte, baina 30 euroko balioa izango du kanpainara atxikitako dendetan. Alegia % 33 aurreztuko dute erosketak egiteko unean.

Merkataritza-bonua klasiko bihurtu da Abanto Zierbenan, eta kanpaina berri bakoitzean gainditu egiten dira espektatibak.

“Ekintza honekin bat egin duten establezimenduen kopuruak gora egin du edizio bakoitzean. Orain dela hiru urte, lehenengo merkataritza-bonua kaleratu zenean, udalerriko 33 udalerrik hartu zuten parte kanpainan; orain, bosgarren edizioan, 42 dendak hartzen dute parte. Pixkanaka, gero eta establezimendu gehiagok egin dute bat kanpainarekin; izan ere, arrakasta itzela du dendarien eta kontsumitzaileen artean”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Neguko merkataritza-bonu honek zenbait berritasun izango ditu: parte hartzen duten saltokien motak eta kopurua areagotze aldera, 30 euroko bonu guztiak 10 euroko bi billetetan eta 5 euroko beste bi billetetan zatituta egongo dira. Ekimen hau Abanto Zierbenako Udalak eta Abanto Zierbenako Merkatari eta Ostalarien Elkarteak sortu zuten, Laboral Kutxaren lankidetzarekin, eta horri esker jarraitzen du hazten. Aliantza horrek goiburu hau du: “Erosi Abanto Zierbenako saltokietan”.

Helburua udalerriko establezimendu txikiei babesa ematea da, eta haien gertutasuna eta ahaleginak erosketa-bonuen bidez saritzea. Bonu horiek bizilagunei eta bisitariei are onura gehiago dakarzkie, erosketak egitean % 33 aurreztuko baitute. 30 euroko 500 bonu egingo dira, eta kanpainarekin bat egin duten Abanto Zierbenako saltokietan bakarrik erabili ahal izango dira.

Abanto Zierbenako askotariko 42 establezimenduk hartzen dute parte, gustu eta beharrizan guztiei erantzuteko: tabernak, ile-apaindegiak, moda-dendak, altzari-dendak, argazkilaritza-dendak, liburu-dendak, mertzeriak, bitxi-dendak, harategiak, zapata-dendak, okindegiak, etab.

Etxebarriak esan duenez, “gure herrian, gure saltoki txikietan, denetarik aurki daiteke; gainera, bertan erosteak badu alde on bat: gertutasuna eta arreta paregabea. Merkataritza-bonuaren bitartez bultzada bat eman nahi diegu dendariei eta herritar guztiei”.
 
Bonuak Gallartako Laboral Kutxaren bulegoan (El Minero etorbidea 1) erosi ahal izango dira, azaroaren 1etik 30era arte edo denak saldu arte. Hau izango da bonuak erosteko ordutegia: astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara, eta ostegunetan 16:30etik 19:30era ere bai.

“Azkar erosi behar dira, berehala saltzen dira eta. Udaberriko 500 bonuak 5 egunetan amaitu ziren. Kanpaina hau gero eta errotuago dago, eta herritarren zein dendarien onerako da”, esan du Etxebarriak.

Hori bai, ezingo dira bi bonu baino gehiago erosi aldi berean. Txartel berezi hori aldi bakar batean erabili beharko da, eta erosketaren zenbatekoa bonuaren zenbatekoa baino txikiagoa izanez gero, ez da dirurik itzuliko eskudirutan. Bonuak ezin dira eskudirutan aldatu eta inola ere ez da itzuliko bonuaren zenbatekoa. Asko jota bi bonu erabili ahal izango dira erosketa-txartel bakoitzeko.

Merkataritza-bonuen kanpaina Abanto Zierbenako Udalak duela lau urte abian jarritako Merkataritza Dinamizatzeko Planeko ekintzetako bat da. Proiektu garrantzitsu horren helburuak dira, batetik, tokiko saltokien lehiakortasuna hobetzea, eta, bestetik, kontsumitzaileen merkataritza-esperientzia hobetzea. Horrez gain, planak barne hartzen dituen neurriei esker, merkataritza udal-kudeaketan sartzea lortu nahi da, udalerri erakargarri eta iraunkorragoa lortzeko.

2016ko neguko merkataritza-bonuaren kanpainarako aurrekontua 5.000 eurokoa da.

Presta zaitez negurako Abanto Zierbenako merkataritza-bonuarekin. Bizkor, amaitu egingo dira eta!