Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak irmo eusten dio euskara babesteko konpromisoari, eta euskara ikasteko diru-laguntzak emango ditu aurten ere. Beka-eskaera aurkezteko epea zabalik egongo da urriaren 3tik 21era bitartean.

“Guztira 12.000 euro jarriko ditugu, iaz baino 2.000 euro gehiago, ahalik eta jende gehienak izan dezan euskara ikasteko aukera. Urterik urte ekarpen handiagoa egiten dugu, ahalegin handiagoa, uste dugulako gure herritarrei euskararekin lagundu behar diegula. Egitasmo hau orain 10 urtetik baino gehiagotik dago martxan, eta lan handia egiten dugu egitasmoari eusteko eta diru-saila areagotzeko, hartara euskara ikasteak dakartzan gastuetako gehiago ordaindu ahal izango baititugu. Ildo horretatik, herritarrak gure hizkuntza ikastera gonbidatu nahi ditugu beste behin”, azaldu du Maite Etxebarriak, Abanto Zierbenako alkateak.

Gero eta abantoar gehiagok eskatzen dute euskara ikasteko diru-laguntza, eta Abanto Zierbenako Udalak gure hizkuntza gero eta herritar gehiagorengana iristea nahi du. Horrexegatik sustatzen du diru-laguntzen sistema hori. Diru-laguntzak norgehiagokaren bidez emango dira, eta matrikulatutako ikasturtean gure udalerrian erroldatuta egon direnek eskuratu ahal izango dituzte.

Diruz lagundu ahal izango dira HABEk homologaturiko ikastegietan 2015eko urriaren 1etik 2016ko irailaren 30era bitartean egin diren ikastaro arruntak, trinkoak eta barnetegiak.

Diruz lagundu nahi den ikastaroak iraun bitartean langabezian egon direnek % 10eko laguntza osagarria jaso ahal izango dute, egoera hori egiztatzen duen lan-bizitza aurkezten badute.

“Duela lau urtetik ematen dugu laguntza osagarria. Izan ere, langabeek ahalegin handiagoa egin behar dute matrikularen gastuak ordaintzeko, eta udalak lagundu egin nahi die, ikasten jarrai dezaten”, esan du Etxebarriak.

Hamar urtez baino gehiagoz, Meatzaldeko udal honek 300 bekatik gora eman ditu. Horrek garbi erakusten du apustu sendoa egiten duela euskararen alde eta herritarren prestakuntzaren alde.

Abian da Euskaraz Olgetan ikastaroa

Heldu askok ez dakite euskarazko jokorik edo abestirik, eta seme-alabek, berriz, egunero erabiltzen dituzte. Horregatik, Abanto Zierbenako Udalak euskal kanta tradizionalak irakasteko eta txikienekin euskaraz nola jolastu erakusteko ikastaro bat antolatu du.

“Une oro metodologia parte-hartzailea eta dinamikoa erabiliko dugu, helduenek ere jolasten eta abesten goza dezaten”, esan du alkateak.

Euskara ikasgelatik kanpo, parkean, etxean eta beste hainbat lekutan naturalago erabiltzea da Euskaraz Olgetan ikastaroaren helburuetako bat; familian euskaraz hitz eginez dibertitzea, azken batean.

Ikastaroak iaz izan zuen arrakasta ikusita, aurtengo ikastaroa iazkoa baino luzeagoa izango da. Guztira sei ordu emango dira: urriaren 17an eta 24an eta azaroaren 7an, 14an, 21ean eta 28an (astelehenetan), 15:15etik 16:15era, Kultur Etxeko erakustaretoan.

Urriaren 3tik 6ra bitartean eman behar da izena, Udaleko HAZen egunero 07:30etik 14:30era, edo Haritzalden astearte eta ostegunetan 12:00etatik 15:00era.

“Behin probatzen dutenek berriro egiten dute ikastaroa. Beraz, aita eta ama guztiak animatzen ditugu izena ematera, euskara era askotara ikas daitekeela deskubritzera eta egunero-egunero euskaraz aritzera. Gainera, etxeko txikienekin batera ikastea oso dibertigarria izan daiteke”, esan du Etxebarriak, bukatzeko.

Kartela (PDF 1,5MB)