Albisteak

 

Atzera bueltan da Abanto Enpresa egitasmoa. Hirugarren edizio honek, ordea, hainbat berrikuntza ekarriko ditu, eta are indar handiagoz lagunduko du herriko langabeak kontratatzen. Hala, irekita dago Abanto Zierbenako Udalaren diru-laguntzak eskuratu nahi dituzten enpresek eskaera egiteko epea.

“Iaz, egitasmo honi esker, 14 kontratu lagundu ziren diruz, eta horietatik 11 mugagabe egin zituzten. Lan-irteera bat ematen diegu luzaroan aukerarik izan ez duten pertsonei, eta, gainera, enplegu iraunkorra sortzen dugu, kontuan harturik garaiotan zeinen zaila den hori. Horrexegatik jarraitzen dugu Abanto Enpresa sustatzen, konpromiso sendoa dugulako enplegu-sorrerarekin eta langabezian dauden herritarrekin”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Programa garrantzitsu horren helburua da, hain zuzen ere, erraztasunak ematea Abanto Zierbenan erroldatuta eta Lanbiden enplegu-bilatzaile gisa izena emanda dauden langabeak kontratatzea helbide fiskala, soziala edo lantokia Abanto Zierbenan duten enpresek, saltokiek eta profesionalek, beren forma juridikoa edozein dela ere, eta irabazi-asmorik gabeko erakundeek, elkarteek edo fundazioek.

Kontratuak gutxienez hiru hilekoak eta gehienez hamabikoak izango dira, eta edozein kontratazio-modalitate formalizatzeko aukera egongo da, prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratua izan ezik. Kontratuak lanaldi osorako edo lanaldi partzialerako egin daitezke, baina, betiere, gutxienez lanaldiaren % 50erako. Enpresek, Meatzaldeko udalaren diru-laguntza jasotzeko, langabeak kontratatu behar dituzte, Abanto Zierbenan erroldatuta eta Lanbiden enplegu-bilatzaile gisa izena emanda daudenak.

Enpresek gutxienez 600 euroko laguntza jasoko dute % 50eko lanaldi partzialeko eta hiru hileko edo gehiagoko lan-kontratu bakoitzeko. Halaber, gehienez ere 4.800 euro emango dira lanaldi osoko eta hamabi hileko edo gehiagoko lan-kontratu bakoitzeko. Adierazitako diru-laguntzak ezin dira pilatu, eta itzuli beharrik gabekoak izango dira, sortutako enplegu bakoitzerako zehaztutako zenbatekoan. Laguntzaren azken zenbatekoak ezingo du gainditu kontratatutako pertsonen soldata-kostuen eta gizarte-segurantzako kostuen % 75.

“Gehieneko diru-laguntza 6.000 eurotik 4.800 eurora murriztu dugu, enpresa gehiagori laguntzeko eta, horrela, kontratazio gehiago egiteko. Laguntzak lortzeko eskaerak hala http://www.a-zz.net/  helbidean nola Abanto-Zierbena Zerbitzuak SL enpresan bertan izapidetu daitezke”, adierazi du Etxebarriak.

Eskaerak, eskatutako dokumentazioarekin batera, Abanto-Zierbena Zerbitzuak SL enpresaren bulegoetan aurkeztu behar dira (Bizkaia Plazaren atzealdean daude). Jada irekita dago eskaerak aurkezteko epea, eta 2016ko abenduaren 31n amaituko da. Laguntzen eskaerak erregistraturiko ordena berean ebatziko dira, betiere behar bezala beteta badaude eta espedientea osorik aurkeztu bada, aurrekontuan sartutako kreditura iritsi arte (55.000 eurokoa da).

“Udalak beste ahalegin bat egingo du, bi alderdiri lagunduz: alde batetik, enpresari, plantilla areagotzen lagunduko baitio, eta, bestetik, langabezian dauden herritarrei”, esan du, amaitzeko, Etxebarriak.