Albisteak

 

Udari agur esatea ez da hain mingarria festaz festa ibiliz gero; hori dela eta, Abanto Zierbenan egitarau animatua dugu irailean. Horrela, handiki esango diote udari agur herritarrek, eta pozik geldituko dira.

Larunbat honetan ekingo diegu iraileko festei; izan ere, Sanfuentesko San Keremosen bosgarren edizioa izango da. “Haurrak puzgarrietan arituko dira saltoka, gelditu gabe, eta, bitartean, helduen kuadrillek txotx egiten gozatuko dute. Herri-jolasak ere egongo dira arratsaldea alaitzeko, eta, egunari amaiera emateko, berbena izango dugu Raspurekin”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak. Giro ezin hobea egongo da, ziur, ahalegin eta mimo handiz antolatu baitu festa SANJAIBA Sanfuestesko jai-batzordeak.

Irailaren 17an, Garrafoi Egun ospetsua izango da. Goizeko hamabietatik goizaldeko laurak arte, Gallartak beste urte batez ospatuko du egun handia; 20 urte baino gehiago daramatza Garrafoi jaia ospatzen.

 “Festa hau udalerriko kuadrillak biltzeko sortu zen, eta ezinbesteko bihurtu da gallartarrentzat; denek maite dute”, azaldu du Etxebarriak.

Jaiari hasiera emateko, kalejira bat egingo dute CD Gallartako talde guztiek Meatzaldeko Harrigorriaga Dantza Taldearekin batera, Marciano iturritik hasita. Horren aurretik, hilerrian omenaldia egingo zaio egun horren sortzaileari, Federico Balbuena Gallartako Futbol Klubeko lehengo presidenteari.

12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara haurrentzako parke bat egongo da Eusko Gudariak plazan, eta eguerdiko ordu batean, berriz, CD Gallartako taldeen aurkezpen-ekitaldia egingo da plaza horretan bertan. 15:45ean, herri-bazkaria egingo da Blasco Ibáñez parkean, CD Gallartak eta Aldatz Gora Fanfarreak antolatuta.

“Garrafoi Egunean egiten den lehen herri-bazkaria da, eta haur, gazte, heldu eta kuadrilla guztiak daude gonbidatuta. Menu gozoa izango da: bakailaoa bizkaitar erara eta arkumea txilindron erara egongo dira, besteak beste. 20 euro ordaindu beharko dute helduek, eta 10 haurrek. Irailaren 5etik 14ra salduko dira txartelak, Gallartako Erakusketa Aretoan. Familian eta lagun artean igarotzeko une polita izango da; hortaz, herritar guztiei egiten diegu dei, parte har dezaten eta goza dezaten”, nabarmendu du Etxebarriak.

15:00etan beste bazkari bat izango da, CD Gallartako jokalari eta zuzendari ohientzat.

Amaitzeko, ligako lehen partida jokatuko da CD Gallartako San Miguel zelaian, eta doakoa izango da sarrera. Egun osoan Frantziako Fanfarrea Chatelaine izango dugu auzoa girotzen.

Parrandarekin jarraitzeko, Drindots taldearen berbena izango dugu, gorputzak ahal duen arte, Eusko Gudariak plazan.

 “Tradizioak agintzen duen moduan, Garrafoiaren tapoia duen pertsona aurkitzen duenari sari bat emango zaio. Hori bai, pertsona hori aurkitzeko, galdera hau egin beharko dute: ‘Zuk al duzu Garrafoiaren tapoia?’”, gogorarazi du alkateak.

Balasterako eta Kotarroko jaiak

Ospakizunen benetako ginkana izango da iraila; izan ere, irailaren 26tik 28ra Mesedeetako jaiak izango dira Balasteran, Campillon eta Castañosen.

Hilabetea Kotarroko San Migel jaiekin amaituko dugu. Irailaren 30ean eta urriaren 1 eta 2an, aurrera jarraituko du erritmoak, Kotarro Oilagorri Elkarte Kulturalaren eskutik.

ANIMA ZAITEZTE