Albisteak

 

Egunero-egunero kamioi ugari igarotzen dira El Campillo industrialdera igotzeko errepidetik, eta, horren ondorioz, bidea pixkanaka-pixkanaka hondatuz joan da. Gainera, gure ibilgailuarekin industrialde horretara joanez gero, zulo askorekin topo egingo dugu bidean. Hori dela eta, Abanto Zierbenako Udalak, inguru horretako enpresariek bidearen egoera txarra dela-eta egindako eskariei erantzun nahian, errepidea egokitzeko lanei ekingo die.

“Asfalto berria jarriko da bide osoan, bereziki kamioiak bezalako ibilgailu handiak seguru igo daitezen bermatzeko. Izan ere, euriteetan zailtasunak izaten dituzte igotzeko, eta bide erdian gelditu ohi dira batzuetan; horrelakoetan, Udaltzaingoak esku hartu behar izan du”, azaldu du Maite Etxebarriak, Abanto Zierbenako alkateak.

Errepidea konpontzeko, lehenik eta behin, zagor-geruza bat botako da; geruza hori gutxi gorabehera bi astean trinkotuz joango da, kamioiak gainetik igaro ahala. Gero, material horren 10 zentimetro kendu, eta asfalto-geruza bat botako da zuloetan. Azkenik, bide osoa asfaltatuko da F10 motako asfaltozko errodadura-geruza batekin; asfalto-mota hori gomendatzen da bide horietarako, edukiera handiko kamioiek asko pisatzen dutelako. Gero, bukatzeko, bide-marrak pintatuko dira.

“Industrialdeko enpresen ordezkariekin bildu gara, aukerarik bizkorrena eta erosoena zein den erabakitzeko. Bada, erabaki dugu lehendabizi igotzeko bideak egitea eta ondoren beherako bidea egitea, beherako bideak ez dituelako igoerak bezainbeste arazo ematen”, adierazi du Etxebarriak.

Lanen kostua 60.000 euro ingurukoa da. Horregatik, garai egokia heldu arte itxaron behar izan da lanei ekiteko.
“Ahalegin handia egin dugu, eta, errepidea zeinen gaizki zegoen jakinda, esku hartzeko ordua dela erabaki dugu, kostu handia izan arren”, esan du Etxebarriak.

Horri esker, mesede egingo zaie hala industrialdeko langile zein enpresariei nola El Campillo, Triano eta Las Calizasko bizilagunei, bai eta San Migel zelaian futbolaz gozatzera igotzen diren guztiei ere.
“Industrialdeko enpresak ere bizilagun garrantzitsuak ditugu, zaindu beharrekoak, lana ematen digutelako. Hori dela eta, ezin dugu onartu bideko zulo batzuengatik haiek pentsatzea hobe dela hemendik alde egin eta beste nonbait kokatzea”, azaldu du Etxebarriak.

Ostegun honetan bertan hasiko dituzte obrak, eta lau egun iraungo dute, eguraldi ona egiten badu behintzat. Horretarako, bide bat moztu beharko da saneamendua egin bitartean, eta beste igarobide bat jarriko da, semaforoen bidez arautua.

Zuloguneen kanpaina

Alabaina, zuloguneak ez ditugu herriko bide horretan bakarrik aurkitu. Udalerrian ibilgailu asko ibiltzen denez, Gallartako, Las Carrerasko eta Sanfuentesko errepideetan ere agertu dira zuloak, eta, horrenbestez, zuloguneen kanpaina egingo da herri osoan. Hala, zuloguneak konponduko dira, Abanto Zierbenako errepideak berritzeko eta oztoporik gabe uzteko.