Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak akordio bat sinatu du Eusko Jaurlaritzarekin eta Merkataritzaren Euskal Konfederazioarekin (Euskomer), Giscom merkataritzako informazio geografikoko sistema erabiltzeko. Eusko Jaurlaritzaren Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzak sustatu du sistema hori. Informazio geografikoko metodoetan oinarritutako tresna horrek hainbat udalerritako merkataritza-egoera ezagutzea eta aztertzea ahalbidetzen du, iturri hauetako datuak uztartuz: udalak, aldundiak eta Eustat. Izan ere, xehekako merkataritza aberasgarria da gizarte osoarentzat, ikuspegi sozialetik nahiz ekonomikotik begiratuta.

Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak azaldu duenez, “Giscomek posizionamendu- eta lehiakortasun-estrategiak garatzea ahalbidetuko die hainbat sektoretako ETEei: merkataritza, sukaldaritza, ostalaritza, aisialdia turismoa...”.

Giscomek Abanto Zierbenako merkataritzaren egoeraren irudi zehatza emango digu; izan ere, aplikazio horrek establezimenduen kopuruari eta kategoriari, kokapenari edo hutsik dauden lokalei buruzko informazioa bildu eta helaraziko digu.

“Denok dakigu zein diren gure herriko merkataritza-kaleak, baina, aplikazio honi esker, negozio berri bat jarri nahi duen pertsona orok bere zuzeneko lehia nolakoa den jakin ahal izango du, klik bakar batean, eta bere saltoki berrirako erabaki onenak hartu ahalko ditu”, adierazi du Etxebarriak.

GISCOM-Euskadik informazio sozioekonomiko eguneratua eskaintzen die sektoreari, erakundeei eta euskal gizarteari, errealitateko hainbat aldagai aztertu ahal izateko; aplikazioak aukera ematen du sektorearen bilakaera eta joerak ezagutzeko, egoera berriak simulatzeko eta informazioa modu grafiko eta ulergarrian aurkezteko.

 “Programa aitzindaria da eta lagundu egin nahi diogu, oso interesgarria baita. Informazioa urtero eguneratuko da; beraz, ematen dituen datuak baliagarriak izango dira oso. Gure merkataritza-sektorearen erradiografia egingo du”, esan du Etxebarriak.

Proiektua Euskomerrekin lankidetzan egingo da, eta 4 fase izango ditu:

  • I. fasea. Errolda ekonomikoa eta datuak eguneratzea
  • II. fasea. Informazio osagarria biltzea
  • III. fasea. Sistema erabilgarri jartzea
  • IV. fasea. Datuak eguneratzea

Bildutako informazio guztiak eragin positiboa izango du politika publikoak zehaztean, zerbitzuen eskaintzan eta enpresari txikiek balioespena eta jarraipena egiteko izango duten aukeran, beren egungo bezeroak eta izan daitezkeenak hobeto ezagutu ditzaten.