Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak duela 6 urtetik gauzatzen du Zainduz programa. Ekimen garrantzitsu horrek laguntza zuzena ematen die menpekotasunen bat duten pertsonak zaintzen dituzten herritar guztiei. Askotariko jarduerak barne hartzen ditu: prebentzioa, informazioa, orientazioa, sentsibilizazioa, borondatezko lana, prestakuntza eta laguntza psikologikoa. Programaren helburua da menpekotasuna duen pertsonaren, zaintzailearen eta familia ingurunearen bizi-kalitatea hobetzea.

Hori dela eta, urteko azken hilabete hauetarako programazio bat ere antolatu da. Barre egiteak asko laguntzen du halako kasu zailetan; hori dela eta, azaroaren 9tik 16ra barreterapia tailerra egingo da, arratsaldeko bostetatik zazpi eta erdietara, Las Carrerasko Alargunen, Erretiratuen eta Pentsiodunen Elkartean. Nahi duten guztiek parte har dezakete.

Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak azaldu duenez, "gure adinekoei lagundu eta haien zaintzaileei babesa eman behar diegu, beharrezkoa baitute deskonektatu eta airea hartzea".

Horrenbestez, ekimen asko zaintzaileei zuzenduta daude. Cotarro auzoan, Gallartako erretiratuen elkartearen lehengo lokalean, beste barreterapia tailer bat egingo da, zaintzaileei zuzendua; azaroaren 2an, 16an eta 23an izango da.

"Egoera berean dauden beste batzuekin beren egunerokoaz hitz egiteak lagundu egiten die; frogatuta dago. Zalantzak argitu, esperientziak partekatu eta hitz egin dezakete; azken finean, deskargatu eta hobetu sentitu", adierazi du Etxebarriak.

Tailerrak funtsezkoak dira Zainduz programan. Hori dela eta, urriaren 26an, azaroaren 30ean eta abenduaren 14an beste tailer bat egingo da: taldeko laguntza psikologikoa. Zaintzaileek muturreko estres psikologikoa jasan behar izaten dute, erabat beraien menpe dauden pertsonak zaindu behar baitituzte. Laguntza psikologikoa behar-beharrezkoa da; izan ere, zaintzaileek neke fisiko eta mental handia izaten dute, eta horrek ondorioak izan ditzake haien osasunean, estresa, antsietatea edo depresioa sorraraziz. Hori dela eta, zaintzaileak lasaitzeko espazioak sortu dira. Arratsaldeko lau eta erdietatik seietara, psikologo batek arreta emango die, taldeka, Gallartako erretiratuen elkartearen lehengo lokalera bertaratzen direnei.

"Psikologoak banakako laguntza ere eman diezaieke behar dutenei. Zaintzaileei lagundu eta haien ongizatea babestu behar da. 2009tik, 1.148 emakumek eta 245 gizonek hartu dute parte Zainduz programan. Benetan laguntzen du, eta ongizatea eta bizi-kalitatea ematen die zaintzaileei", nabarmendu du alkateak.

Zainduz familia-inguruneko menpekotasunari laguntzeko foru-programa bat da; menpekotasun-egoeran dauden familiartekoak zaintzen dituztenei laguntzeko udal-zerbitzu bat. Bizkaiko Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmenean jasota daude 2015. eta 2016. urteetan egindako ekintza guztiak. Aurkeztutako proiektuaren guztizko kostua 17.360,00 eurokoa da, eta Aldundiak 3.475,20 € ko diru-laguntza eman du.