Albisteak

 
Harremanak izateko dugun modua aldatu egin da, batik bat gazteenen artean. Telefono mugikorra jada ez da komunikatzeko tresna bat bakarrik; komunikatzeko, hitz egiteko eta geure burua munduari aurkezteko daukagun modua markatzen du. Sare sozialen gorakadak eta Whatsappen arrakasta dira horren erakusgarri. Hori dela eta, Abanto Zierbenako Udalak fenomeno hori nabarmendu nahi du, eta hainbat gako eman nahi ditu teknologia berriak hobeto ulertzeko eta erabiltzeko.
Horretarako, zenbait tailer jarri dira abian. Batetik, udalerriko ikastetxeetako lehen hezkuntzako 5. eta 6. mailako eta DBHko 1. mailako ikasleei emango zaizkie tailerrak martxoaren 15ean eta 17an. Bestetik, familientzako tailerra egingo da martxoaren 16an, asteazkenean, Dolores Ibarruri Institutuko ekitaldi-aretoan.
“Guztiok daukagu telefono mugikorra, ordenagailua etxean eta Interneta. Sare sozialek ez dute atseden hartzen, eta gazteen artean ziber-indarkeriako edo jazarpeneko arazoak sor daitezke. Ezinbestekoa da hizkuntza birtuala ulertzea”, azaldu du Abanto Zierbenako alkateak, Maite Etxebarriak.
“Gazteak eta teknologia berriak, esploratzeko dagoen mundu bat” da tailerraren izenburua; izan ere, unibertso birtuala espazio oso garrantzitsua bilakatu da gure bizitzan. Sare sozialek esan nahi duguna adierazteko eta harremanak izateko modu berriak ekarri dituzte, eta, kasu batzuetan, estereotipoak eta gizarte-presioak sorrarazten dituzte. Hala ere, beste kasu askotan, laguntza- eta elkartegintza-sareei eusten lagun diezagukete, bai eta gure ahalduntzea bultzatzen ere; azken finean, gure ahotsa zabaltzen, bidaltzen ditugun mezuak askotarikoagoak eta inklusiboagoak izateko.
“Fenomeno honek bi alderdi ditu: alde batetik, alderdi atseginak gehiago hitz egiteko eta kontaktua ez galtzeko bide ematen digu; bestetik, b alderdia dago, alegia, gehiago hitz egiteak ez duela beti esan nahi hobeto komunikatzen garenik. Hitzaldi horien bidez, agerian jartzen da, adibidez, emakume gazteek nola jokatzen duten Interneten. Gogoeta egingo da sare sozialak harreman pertsonaletarako erabiltzen ditugunean egokitu ohi zaizkigun egoerei buruz; kontrolari eta jazarpenari buruz, esaterako. Amaieran, komunikatzeko modu horrek eskaintzen dizkigun aukerei buruz hitz egingo da, beste mezu positiboago batzuk helarazteko”, azaldu du Etxebarriak.
Tailerrek bi helburu argi dituzte: sare sozialetan batez ere gazteekin eta harreman afektibo eta sexualekin lotuta izaten diren arrisku eta bizipenen berri ematea eta horren inguruan sentsibilizatzea. Halaber, sare sozialak norbera ahalduntzeko, babes soziala lortzeko eta hezkuntza-tresna gisa erabiltzeko moduak ere azalduko dira, erabilera hori sustatzeko asmoz.
Hizlaria Ianire Estebánez izango da, blogari ezaguna. Esperientzia zabala du erakunde ofizialetarako hitzaldiak ematen, hala nola hauetarako: gobernuak eta foru aldundiak, udalak, ikastetxe publikoak eta pribatuak eta Espainia osoko elkarteak.
Curriculum zabala dauka, eta, besteak beste, honako lan hauek egin ditu: “Mi novio me controla lo normal” (bi milioi bisita baino gehiago ditu eta 3.800 zale sare sozialetan); “Yo ligo, yo decido” neskentzako topaketak; “Los cuentos que nos cantan” eta “Las pelis de Hollywood y los cuentos de amor que nos hemos tragado” hitzaldiak; eta “Nos enredamos?” monologoak. Lan horiek 100 alditan baino gehiagotan eskaini dizkie 800 gazte bitarteko taldeei.Orain, Abanto Zierbenako gazteei eta helduei helaraziko die bere ikuspegia.
“Aukera bat da egunetik egunera gero eta indar handiagoa hartzen ari diren harreman birtualak hobeto ulertzeko. Ikasleentzat, kontuan hartzeko beste ikuspegi bat da, eta gurasoentzat, berriz, errealitate-injekzio bat, inguruan dutena hobeto ulertu ahal izateko. Udalean lanean ari gara gure udalerriko gazteen ongizaterako, eta, hori lortzeko, gogoeta egitera eta hitz egitera eseri behar dugu”, adierazi du Etxebarriak.