Albisteak

 

Uda iristear dagoela eta, atzo bertan ireki zuten, hilaren 15ean, Abanto Zierbenako udal-igerilekuetako solariuma, herritar guztiek erabil eta goza dezaten.

“Aurten, kanpoko igerilekuetan berritasun interesgarriak izango ditugu. Hasteko, udalaren kirol-instalazioa ordu gehiagoz egongo da zabalik udan, ekipamendu horri ahalik eta probetxu handiena atera diezaioten guzti-guztiek, bai txikienek, bai helduenek”, esan du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Udalak diru asko jarri du kiroldegia etenik gabe egon dadin irekita asteburuan, irailaren 15era arte (orduan bukatuko da udako denboraldia): larunbatean eta igandean 10:00etatik 21:30era arte egongo da zabalik, eta astelehenetik ostiralera, berriz, 09:00etatik 21:30era arte.

Igerilekuen alboko solariuma oasi moduko bat da herrian, urterik urte jende gehiago biltzen duen gune freskagarria. 2.000 metro koadroko zelai natural lau batean dago, eta egun osoa hondartzan bezalaxe emateko pentsatua dago, baina, hori bai, pizgarri gehiago eskaintzen ditu.

Solariumetik zuzenean sartzea dago igerilekura, bai eta gainerako zerbitzuetara ere; besteak beste, gimnasiora eta kafetegira. Hainbat ekipamendu ditu, gainera: otorduetarako mahaiak eta eserlekuak, paperontziak eta, bereziki, haurrentzako jolas-gune bat, kulunkekin txirrista batekin. Liburutegi txiki bat ere badu, aire zabalean irakurri ahal izateko. Halaber, doako wifi-zerbitzua dago eremu osoan.

“Aurtengo denboraldian, gainera, jarduera gehiago jarriko ditugu gazteentzat: lauko artzain-joko erraldoiak, erraketa-joko osoak, ping-pongeko mahaia eta saskibaloi-taula. Horiez gain, beste hainbat gauza ere jarriko ditugu”, iragarri du Etxebarriak.

Uztail osoan, 17:00etatik 20:00etara bitartean, begirale euskaldun bat haurren jolasak dinamizatzen arituko da, eta, halaber, gune horretan jende gehien ibiltzen den orduetan ezbeharrik edo istripurik ez dela gertatzen bermatuko du.

Abuztuko bigarren hamabostaldian (15etik 31ra, biak barne), instalazioa itxita egongo da mantentze-lanak egiteko (aireztapen-hodiak garbitzeko, igerileku txikia lauzatzeko eta hezetasuna kentzeko makina eta gimnasiorako makinak jartzeko). Era berean, Osasun Sailak agintzen duen garbiketa orokorra egingo da bide batez, Abanto Zierbenako Udala horretara behartuta baitago.

Gunea ireki eta hezetasun-kengailua instalatu zenez geroztik, 1996tik alegia, ez da aparteko neurririk hartu makina horri dagokionez, mantentze-lan txikiak izan ezik. Bada, ordutik 20 urte igaro direnez, uste dugu zaharkitua gelditu dela; gainera, egungo legeek parametro jakin batzuk neurtzera behartzen gaituzte (CO2…), baina oraingo makinarekin ezin dugu neurri zuzentzailerik hartu, eta, horrenbestez, legea urratzen ari gara. Bestalde, hezetasun-kengailua ondo ibil dadin, aireztapen hodiak barrutik garbituko dira, hodiak garbi egotea ezinbestekoa baita makinak behar bezala funtzioa dezan.

Gainera, igerileku txikiko zorua aldatuko da, hondatua baitago orain arteko erabileraren, kloroaren eta garbiketa-produktuen eraginez. Gero, ontzi osoko junturak konponduko dira, zorua inolako arriskurik gabe zapaldu ahal izateko (ertz zorrotzik gabe egon dadin), eta ontziak isuririk izan ez dezan. 20 urtean ez da halako neurririk hartu, eta espero dugu gutxienez beste hainbeste irautea.

Instalazioa ixteak erabiltzaileei ahalik eta eragozpen gutxiena sor diezaien, Abanto Zierbenako Udala Ortuellako Udalarekin ados jartzeko ahaleginetan dabil, gure instalazioko bazkideak alboko herriko kanpoko igerilekuetara joan ahal izan daitezen gurea itxita dagoen bitartean, sarrera ordaindu behar izan gabe.

Azkenik, irailaren 1etik aurrera, fitnesseko gimnasioak makina berriak izango ditu, Udalak bere garaian hartutako konpromisoarekin bat. Hortaz, hamabostaldi horretan bertan kenduko dituzte makina zaharrak, eta berriak jarri.

Neurriok, guztiak ere oso garrantzitsuak, ez dira hartu 20 urtean, instalazioa ireki zenetik.

“Iazko arrakasta bera lortu nahi dugu aisialdiko gune zoragarri honekin. Uste dugu kudeaketa egokia egin dugula, bete egin baititugu erabiltzaileen eskariak: hau da, udako ordutegia zabalagoa izatea eta, batik bat, kiroldegia asteburuan ere zabalik edukitzea. Udal-ekipamenduaren historian aurrenekoz, bada, 2016ko uda honetan kiroldegia ez da itxiko ez larunbatean, ez igandean. Espero dugu gure igerilekuak erabiltzen dituzten ehunka pertsonek pozik hartzea berri hau. Badakigu ahaleginak merezi izan duela”, esan du, bukatzeko, alkateak.