Albisteak

 

Abanto Zierbenako adineko pertsonak izango dira, zalantzarik gabe, datozen egunetako protagonistak; izan ere, bosgarren urtez jarraian, Gallartako erretiratuen, alargunen eta pentsiodunen elkarteak jardueraz eta ekimenez beteriko kultur astea antolatu du. La Mina elkarteak ia 400 bazkide ditu, eta beste behin ere jardunaldi benetan bereziak antolatu ditu adineko pertsona guztiek primeran pasatzeko aukera izan dezaten.

Azaroaren 19tik (larunbata) azaroaren 27ra (igandea), ia hogei jarduera egingo dira, Abanto Zierbenako adineko pertsonek haurrak balira bezala goza dezaten. Horrez gain, aurtengo kultur astea are bereziagoa da, La Mina erretiratuen, alargunen eta pentsiodunen elkarteak 25 urte beteko dituelako.

“Zorionak Abanto Zierbenako Udaleko kide guztien partetik. La Mina elkarteak gure udalerrian duen berebiziko garrantzia azpimarratu nahi dugu, ez soilik kultur asteak irauten duen bitartean, baita urte osoan zehar ere; izan ere, gogor lan egiten du eta ahalegin handiak egiten ditu gure adineko pertsonei aisialdi aukerak eskaintzeko, besteak beste irteerak edo dantza-eskolak. Elkartea benetan lagungarria da herritarrek zahartze aktibo eta osasuntsua izan dezaten eta, gainera, gure adineko pertsonei aukera ematen die elkarrekin egoteko eta hirugarren adinaz gozatzeko. Gizartean duen rola funtsezkoa da; izan ere, dinamizatzaile gisa jarduteaz gain, gure adinekoek egunez egun izan ditzaketen arazoak ere konpontzen ditu, hala paperak betez nola zuzenean esku hartuz, hala egitea beharrezkoa denean, baita Udalari egoeraren berri emanez ere, kasuren batean. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkizuegu egiten duzuen lanagatik eta zuen ekimenagatik. Espero dugu beste hainbeste urte beteko dituzuela, laguntasun eta lan bikainaren eredu baitzarete”, esan du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

La Mina elkartearen aste garrantzitsu horri ekiteko, aizkolaritza-erakustaldia egongo da, Monreal eta Aguirre aizkolariekin. Ondoren, La Mina tabernak antolatutako bazkaria egingo da, elkartearen egoitzan. Bukatzeko, dantzaldia egongo da, Meatzaldeko herriko Udalaren laguntzari esker. Azaroaren 19an, larunbatean, arratsaldez, bingora jolastu ahalko dute eta, 18:30ean, Gallartako kultur etxeko areto nagusian antzerkiaz eta Gernika Zaharra abesbatzaren emanaldiaz gozatu ahalko dute.

“Elkartearen zilarrezko ezteiak ospatuko ditugu; horregatik, are urrunago joaten saiatu gara eta ahalegin handiak egin ditugu aurtengo kultur astean jardueren agenda are hobea eskaintzeko, ahal genuen heinean. Udalaren laguntzari esker, gure helburua erdietsi dugu. Oso pozik gaude beste udalerri batzuetako elkarteek, esate baterako Gernikakoak, gurekin ospatuko dutelako urteurren hau, kultur aste hau; izan ere, horrek aukera ematen digu beste elkarte batzuekin harremanetan egoteko, eta hori oso onuragarria da guztiontzat”, azaldu du Gallartako La Mina erretiratuen, alargunen eta pentsiodunen elkarteko presidente Maricarmenek.

Azaroaren 21ean eta 22an (astelehena eta asteartea), bingoa eta tute- eta mus- txapelketak egingo dira, oinekin baino eskuekin trebeagoak diren guztientzat. Astearen erdian, briska-txapelketa jokatuko da. Azaroaren 24an, ostegunean, arratsaldeko 17:30ean, Santurtziko San Jorge abesbatzak emanaldia eskainiko du. 19:00etan, meza egingo da San Antonio de Padua elizan, zendutako bazkideen omenez. Azaroaren 25a, ostirala, benetan gozoa izango da; izan ere, 20:00etan txokolate-jana egongo da. Horren aurretik, 17:30ean, Sanfuentesko emakumeen abesbatzaren emanaldia izango da, belarrientzako gutizia hutsa. Azaroaren 26an, larunbatean, Gallartako erretiratu eta pentsiodunek bazkaria egingo dute Arenillas hoteleko jatetxean, egunero ez baita ospatzen elkartearen 25. urteurrena.

Azaroaren 27an, igandean, kultur astea bukatzeko, dantzaldia egingo da Arenillasen, jokatutako karta-txapelketeko garaikurrak banatuko dira eta, nola ez, bingo-saioa ere egingo da.

“Udalak, beste behin ere, babes osoa eman nahi dio elkarte horri; izan ere, udalerrian gizarte- eta kultura-mailan egiten duen lana oso garrantzitsua eta benetan eskertzekoa da. Gure adinekoek gure errespetua eta aitorpena merezi dute, udalerriaren sustraiak baitira. Horregatik, onena nahi dugu haientzat guztientzat. Haiei zuzenduriko aste honetaz goza dezaten nahi dugu eta, beti bezala, gu haien alboan egongo gara, noski”, esan du bukatzeko Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.