Albisteak

 

Gaur, ekainaren 29an, Abanto Zierbenak San Pedro ospatzen du poztasun handiz, bere izena duen auzoan. Urtero bezala, txupinazoarekin batera San Pedroko belardian gaua igaro duten auzotarrek beren kanpin-dendak jaso beharko dituzte. “Aspaldiko ohitura da belardia egunsentira arte okupatzea, txupinazora arte”, azaldu du Abanto Zierbenako Alkate Maite Etxebarriak.

Goizeko hamaiketatik arratsaldeko ordu biak arte, haurrek zeramikako tailerraz eta puzgarriez gozatzeko aukera izango dute. Santuaren omenezko meza ere egongo da, eta, ondoren, tortilla txapelketa. Eta Abanto Zierbenan jatun onak garenez, gastronomiari dagokionez, paella txapelketa ere egingo dugu. Gainera, goiz osoan trikitilariek erritmoz beteko dituzte auzo txiki horren bazterrak.

Arratsaldean, igel-toka eta txinga txapelketak eta haurrentzako tailerrak egingo dira, eta dantza alde batera utzi ezin dugunez, arratsaldeko zazpi eta erdietatik hamar eta erdietara, dantzan arituko gara DJ Pacorekin. Arratsaldeko zortzietan, egunean zehar egin diren txapelketen sariak banatuko dira. 

“Gogorarazi nahi genizueke ezin izango dela aparkatu San Pedro 11 zenbakitik San Pedroko belardira arte. Baina aparkaleku bat prestatu da tradizioko jai original hau ezagutzeko autoz bertaratuko diren lagunentzat”, amaitu du Etxebarriak.

Ikusi kartela (PDF 128KB)