Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak biohondakinak biltzeko kontzientziazio-kanpaina berri bat abiaraziko du, udalerriko hiru gazteren eskutik. Joan den maiatzean Agenda 21ek hamar urte egin zituen, eta urteurren horren harira, lehen marrazki-lehiaketa jarri zen martxan udalerriko eskolen artean. “Edukiontzi marroia ezagutzen dugu” zen lehiaketaren leitmotiv-a.

Udalerriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako eta DBHko lehen zikloko ikasleek marrazki bat egin behar izan zuten, hondakin organikoen edukiontzia apaintzeko. Ekainean, Aste Berdearen harira, lehiaketaren irabazleak jakinarazi ziren, eta orain azkenean iritsi da garaia argazki horiek edukiontzietan jartzeko, horretarako egin baitziren.

“Askartza lsusi ikastetxeko Maria Etxebarria, Dolores Ibarruri Institutuko Maialen Moreno eta El Casal ikastetxeko Ainhize Sarríak irabazi dute lehen marrazki-lehiaketa hau, eta haiek itsatsiko dituzte beren marrazkiak biniloformatuan hondakin organikoen hiru edukiontzitan. Egitasmo handia da; opari gisa eskola-materiala eraman dute etxera, eta orain mundu guztiak ikusiko ditu haien marrazkiak, 25 edukiontzitan jarriko baitira”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Proiektu honen bidez, edukiontzi marroia ezagutarazi nahi da; izan ere, herritar gehienek ez dute ezagutzen. Gazteen artean, ordea, ezaguna da; haientzat birziklatzea eguneroko errutinaren parte da. Hori dela eta, zein hobeto haiek baino hirugarren edukiontziaren balioa eta erabilera irudikatzeko. Gogora dezagun edukiontzi marroia etxean sortutako landare-hondakin organikoak, gordinak zein kozinatuak, birziklatzeko sortua dela.

Gaur egun, hondakin organikoen 25 edukiontzi marroi daude udalerrian, denak Gallartan. Hondakin organikoen 57.000 kilo baino gehiago bildu dira edukiontzi marroiaren bitartez aurtengo abuztura bitarte, eta orain, informazio- eta sentsibilizazio-kanpaina honen helburua da Abanto Zierbenako familia gehiagok bat egitea eta beren zaborra bereiztea. Abanto Zierbenako 500 familiak baino gehiagok parte hartzen dute etxean sortutako landare-hondakin organikoak biltzeko programan, edukiontzi marroiaren bitartez.

“Hiru gazte hauen marrazkiek oso era grafikoan adierazten dute zer sartu behar den edukiontzi marroian. Lan handia egin dute eta, beren ilustrazioekin herritarren kontzientzia pizteaz gain, edukiontzi marroiak askoz ere politago eta ikusgarriago bihurtu dituzte. Atentzioa erakarri behar da 5. edukiontziari jaten emateko, eta zer hobeto hiru herritar hauen artearen bitartez erakartzea baino”, adierazi du Etxebarriak.

Edukiontzi marroiaren esperientzia Gallarta auzoan egindako proiektu pilotuaren bitartez hasi zen, eta orain kanpaina berri bat abiarazi dugu, pertsona gehiagok eman dezaten izena 5. edukiontzia erabiltzeko eta, hala, kozinatutako edo kozinatu gabeko landare-hondakinak (frutak, barazkiak, ogia, fruitu lehorrak, infusio-poltsatxoak…) konpostatzeko.

Udaleko HAZn eman behar da izena; datu pertsonalak baino ez dira eman behar, eta izena ematean, interesdunek ongietorri kit bat jasoko dute doan. Kit horretan honako hauek jasoko dituzte: konpost-ontzi bat, konposta egiteko prozesuan deskonposatu egiten diren poltsa biodegradagarriak eta edukiontziaren giltza, hondakinak edukiontzian uzteko.

“Zerbitzuak orain arte bezala ondo funtzionatzen jarraitzen badu, egitasmoa zabaldu eta edukiontzi marroiak udalerriko gainerako auzoetara iritsiko dira”, esan du amaitzeko Etxebarriak.