Albisteak

 

Partaidetza-aurrekontuen proiektuari esker, Abanto Zierbenako Udalak badaki herritarrek zein gastu eta inbertsiori eman nahi dieten lehentasuna udalaren datorren urteko kontuetan.

“Orain badakigu zerk kezkatzen dituen herritarrak eta udaleko diru-kutxako dirua zein arlotan inbertitu nahi duten, zuzenean adierazi baitigute. Herritarrek arlo hauek nabarmendu nahi izan dituzte datorren urteko aurrekontuak egiteko: enpleguaren sustapena, hezkuntza, gazteentzako udal-aisialdiaren eskaintza eta gizarte-zerbitzu hobeak”, azaldu du Maite Etxebarriak, Abanto Zierbenako alkateak.

Partaidetza-aurrekontuak bi fasetan egin dira. Lehenengoan 233 pertsonak hartu zuten parte eta 525 proposamen egin zituzten; proposamen horien erdiak udalerrian hobekuntzak egiteari buruzkoak ziren, hau da, Obrak eta Zerbitzuak arloari zegozkien. Informazio-karpa ibiltari bat Abanto Zierbenan zehar ibili zen azaroaren 4tik 13ko bi asteburuetan. Horrez gain, web-tresna bat jarri zen herritarren eskura, eta postontziak jarri ziren leku publikoetan, herritarrek beren ideiak bertan utzi zitzaten. Halaber, gutunak bidali zitzaizkien udalerriko elkarteei, egitasmo hauetan parte har zezaten eta beren kezkak helaraz zitzaten.

“Eguraldi txarra izan zen, baina herritar ugarik parte hartu zuten. Argi ikusi zen herritarrek gogoa dutela Abanto Zierbena hobetzen parte hartzeko. Gainera, zenbait gorabehera jakinarazteko ere aprobetxatu zuten, eta zuzenean zegozkien udal-arloei helarazi zitzaizkien, arazoa konpontzeko”, adierazi du alkateak.

Bigarren fasean, partaideek proposamen zehatzagoak egin behar zituzten: 136 herritarrek beren proposamenak egin zituzten, eta hurrengo kontuetan arlo hauek sustatu nahi zituztela adierazi zuten: enplegua, hezkuntza eta gazteak eta gizarte-zerbitzuak.

“Aurrez aurreko komunikazio honi esker, besteak beste ondorioztatu dugu herritarrek haurrentzako parkeak estali nahi dituztela, haurrentzako, gazteentzako eta familientzako aisialdi-eskaintza areagotzea nahi dutela eta auzoen plan bat sortzea nahi dutela”, azaldu du Etxebarriak.

Abanto Zierbenak lortu ditu jada herritarren lehentasunak, aurrekontuaren bigarren zirriborroa prestatzeko. Ondoren, aurrekontu hori batzordean eta osoko bilkuran aurkeztuko da, eztabaidatu eta onetsi dadin.

“Herritarrek aukera hau aprobetxatu dute udalerrian egin daitezkeen hainbat jarduketa Udalari gogorarazteko; esate baterako, hiri-altzariak, tren-geltokiaren ingurua egokitzea, sarbide mekanikoak eta haurrentzako parkeak estaltzea. Herritarren iritziz, egoera ekonomikoa ez da oso ona oraindik, eta, hortaz, enplegua eta okerren daudenentzako laguntzak dira lehentasuna haientzat eta guretzat”, azaldu du Etxebarriak.

Herritarrek parte hartzeko aurtengo prozesua Kemendu Projects aholkularitzak dinamizatu du, eta prozesu hauetan berritzailea den puntu bat gehitu dute: hezkuntza-sektoreak ere parte hartu du. 14 eta 16 urte bitarteko gazteei udal-aurrekontu bat zer den azaldu zaie eta haien iritziak ere jaso dira dokumentuaren ondorioetan.

Dinamika hau herritarrentzako prozesuaren paraleloan egin da. Lehen fasean, Dolores Ibarruri Institutuko ikasleek (gehienek, 62tik 47k) ekarpen libreak egin zituzten, eta horietan, gazteentzako lokal gehiago jartzea eta horiek 18 urtetik beherakoek ere erabili ahal izatea proposatu zuten, besteak beste. Bigarren fasean, berriz, berdintasun-politikak nabarmendu ziren batez ere.

“Oso garrantzitsua da gure gazteek diotena entzutea, haiek adieraziko baitigute ondoen zer egin behar dugun beren beharrak asetzeko. Interesgarria da jakitea 14 eta 16 urte bitarteko gazteek gazteentzako moduluetan sartu nahi dutela eta erabiltzeko gutxieneko muga 18 urte izan ez dadin nahi dutela. Aukera hori aztertu eta balioetsi dezakegu. Partaidetza-aurrekontu hauek perspektiba ematen digute; horiei esker, hankak lurrean izanik lehenetsi ditzakegu gastuak eta bideratu ditzakegu inbertsioak, proiektu faraonikorik gabe, eta proposamen eta konpromiso zehatzekin. Arretaz entzutea positiboa da, eraikitzailea da; horrela eraikitzen da Abanto Zierbena bezalako herri handi bat, denon artean eginiko kontu zintzoekin”, ondorioztatu du Etxebarriak.