Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak 12.309.084,15 euroko aurrekontu finkatua kudeatuko du 2017an, eta aurreko ekitaldiaren aldean % 3,99ko gorakada txikia baina garrantzitsua izango du.

Kontuak aurrera irten dira EAJ gobernu-taldearen aldeko botoekin (7), eta EH Bildu (2), PSE-EE-PSOE (2) eta HAZI-INDAZ (2) taldeen kontrako botoekin. Kontrako botoa eman duten taldeen argudioak askotarikoak izan dira.
Hitz egiteko eta lanerako espazioak sortu dira EAJren gobernu-taldearen ekimenez, EH Bildu eta PSErekin batera, eta, nahiz eta bi kasuetan erritmoak desberdinak izan diren eta botoa kontrakoa izan den, jarrerak hurbildu dituzte zenbait mailatan. Gobernu-taldean bide horretatik sakontzen eta lan egiten jarraituko dugu, betiere Abanto Zierbenaren ongizatean oinarrituta.

2017rako udal-aurrekontuek “gizarte-izaera” markatua dute, eta, horietan, Abanto Zierbenako enplegua eta garapen sozioekonomikoa sustatzen dira. Horrela, aurrekontuek % 8,15eko hazkundea dakarte iazko aurrekontuen aldean, enpleguaren sustapenari, garapen ekonomikoari eta ekintzailetzari dagozkien partidetan; alegia, 318.515,28 eurokoa.

“Aurrekontu hauek ere prestakuntza, zuzeneko udal-enpleguaren eskaintzak, ekintzaileentzako sustapena eta enpleguaren aldeko plan osoa jasotzen dituzte, hogeita hamar egitasmo ingururekin, Abanto Zierbenan enplegua lortzeko aukerak hobetzeko. Ekitaldi honetarako nobedadea da martxan jarriko dela berrikuntza-prozesuak direla-eta nabarmenena den udalerriko enpresarentzako sariaren lehen edizioa. Gure helburua da kalitatezko lanpostuak sortzea lurraldearen garapen orekatuaren bidez, jarduera ekonomikoa bultzatuz eta berrikuntzarako laguntza areagotuz, eta kontrataziorako, enplegu-programetarako eta enpresa berriak sortzeko laguntzak indartzea, duten garrantzi ekonomikoa kontuan hartuta. Aurrekontua 197.515 eurokoa izango da. Halaber, beti bezala jarraituko dugu bertoko merkataritza eta enpresa-egitura sustatzen”, esan du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Gizarte-ekintzak, hezkuntzak eta osasunak 2017ko aurrekontu osoaren % 10 hartzen dute.

Ekitaldi honetan, 1.274.000 euro baino gehiago jarriko dira alor horietarako, eta, beraz, aurreko ekitaldiaren aldean gorakada txiki bat izango dute. Horrela, zerbitzu garrantzitsu eta baliagarriei eutsiko zaie: besteak beste, etxeko laguntza-zerbitzuari, gizarte- eta hezkuntza-arloetan esku hartzeko taldeari, mendeko pertsonen gurasoen eta zaintzaileen elkarteei, adinekoen elkarteei eta gizarte-larrialdietarako laguntzei.

Gorakada dela-eta nabarmena den aurrekontuko beste puntu bat euskara ikasteko eta gazteei begirako partida da; % 17 handitu da 2017an, hots, 14.000 eurokoa izango da.

“Abanto Zierbenako Udalak jarraitzen du euskararen aldeko apustua egiten, eta, horrela, herritarrei beren ikaskuntzan laguntzen die; horretarako, ikasteko beka-kopurua areagotu du. Ez dago modu hoberik, gero eta herri euskaldunagoa nahi dugu eta”, esan du Etxebarriak.

Berdintasun Arloak 88.600 euroko aurrekontua du; horrek ere gorakada nabarmena izan du. Udalerri berdinzalearen aldeko apustu irmoa egin da, kontuan hartuta % 13,5eko gorakada gertatu dela.

Udalerrian dauden eraikinak hobetzeko garaia da. Adinekoentzako higiezinek, erretiratuen zentroek besteak beste, partida bat jasoko dute erreformarako eta mantentze-lanetarako, 40.000 eurokoa; halaber, udaleko kirol-instalazioak hobetuko dira, sortu berri den 25.000 euroko partidarekin. 2016an eraldaketa handia izan zuten instalazio horiek; besteak beste, Gallartako kiroldegiko gimnasioa oso-osorik berritu zen.

Era berean, gorakada garrantzitsua gertatu da ingurumenerako partidetan, % 38,26koa. Partida horietan jaso dira energia jasangarrirako ekintza-planen jarduketak, paisaia-planaren jarduketak, ingurumen-arloko kanpainak eta tokiko agenda.

Eta, inbertsioen kapituluari dagokionez, 521.400 euroko aurrekontua dugu ekitaldi berri honetarako; gorakada ia % 400ekoa izan da. Honako lan hauek jasotzen ditu: haurrentzako parkeak estaltzea, San Migel futbol-zelaiko belartza hobetzea, landa-auzoak berrurbanizatzea, Las Karreras gunerako Gaztegune berria egitea, pantaila interaktibo gehiago jartzea, energia jasangarrirako jarduketak egitea eta Abanto Zierbenako ikastetxeetarako inbertsioak % 43 inguru handitzea.

Nabarmentzekoa da herritarrek karpen, postontzien eta webgunearen bidez parte hartzeko gauzatu den prozesu garrantzitsua, ia 400 herritarrek parte hartu baitute. Herritarrek, 525 proposamenen bidez, 2017rako kontuekin zer bideri jarraitu adierazi digute.

Aurrekontu sendoak eta kaudimendunak dira, abantoar guztien ongizatea areagotuko dutenak; gastu arruntean, errealistetan eta parte-hartzaileetan oinarritutako aurrekontuak. Guztion iritzia eta ikuspegia jaso dira, eta mahai gainean Udalaren esku dauden aurrekontu onenak jarri dira.

Abanto Zierbena beti dago herritarrengandik hurbil, oso urrutira heltzeko