Albisteak

Dokumentu hau leiho berri batean irekiko da 

Abanto Zierbenako Udala Gerente putzuko ingurune eder eta paregabea aprobetxatzeko beste modu baten bila zebilen, eta azkenean aurkitu du, herritarren laguntzari esker.

Lehenengo partaidetza-foroan, bertaratu ziren guztien proposamenak eta ideiak jaso ziren, baita haien bizipenak eta iritziak ere. Hala, hasiera eman zitzaion gaur aurkezten dugu lan honi; alegia, Gerente Putzuaren Paisaia Planeko Diagnostikoari.

Gogoan eduki behar dugu Gerente putzuaren historia; izan ere, garai batean lur gaineko meatze bat izan zen, etorkizunari aukera berrien bila begiratzen ziona. Meatzaritzako putzu handi eta sakon horrek Cotorrio ibaia du elikadura-iturri, eta landarediaz inguratuta dago; horrez gain, harrizko uharte bat du kubetaren erdian, natura-multzo paregabe bat agerian utziz. Orain, natura-eremu horren diagnostiko bat egin da, berau biziberritzeko.

Abanto Zierbenako Udalak, herritarren laguntzarekin, gai honen inguruko lehen topaketa egin zuen otsailean, herritarren partaidetzarako foro baten bidez. Hain zuzen ere, udalerriko 40 pertsona inguru bildu ziren Las Carrerasko Haritzalde erakustaretoan.

Hortik aurrera, foroa eta diagnostikoa egin ondoren, Udalak pauso bat gehiago eman zuen eta “Gerente putzurako eta Lorenza meatze-barrutirako paisaiaren ekintza-plana” egin zuen, ingurune horrek gure herriarentzat izan duen, gaur egun duen eta etorkizunean izango duen garrantziaren jakitun.

 “Herritarren ekarpenak dira Gerente putzuaren inguru guztia biziberritzeko plan indartsu eta handinahi honen oinarri, eta eskerrak eman nahi dizkiegu eman diguten denbora eta laguntzarengatik. Udalerrian bizi direnen eta udalerriaz gozatzen dutenen iritziak entzutea funtsezkoa da gauzak ondo egiteko; Abanto Zierbena gu guztiok egiten dugu”, azaldu du Maite Etxebarriak.

Gaur-gaurkoz, esan dezakegu amaituta dagoela Gerente Putzuko Paisaia Planeko Diagnostikoa; hori da, hain zuzen ere, Paisaia Plana idazteko lehen fasea. Plan horretan bilduko dira bertako ingurumen- eta kultura-balioengatik interesekoa den udalerriko eremu horri balioa emateko gauzatu behar diren ekintzak. Izan ere, ekintza horien bidez, udalerriak garai batean meatzaritzarekin zuen loturari esker sortutako eremu hori herritarren aisialdirako gune bihur daiteke.

Otsailean egindako herritarren topaketari esker, inguruneko kultura-, flora-, fauna- eta paisaia-elementu garrantzitsuei buruzko datuak bildu dira, eta eremua arrazoiz berreskuratzeko ekintzak mahaigaineratu, modu orokorrean bada ere; betiere, paisaiaren kalitatea ona izan dadila lortzeko urratsei jarraituz, eremua erakargarri gera dadin.

Ingurunean dagoen meatzaritza-ondarea (besteak beste, labeak eta mea kargatzeko habeak) jasotzen duen dokumentu bat egin da.

Zehazki, 22 meatzaritza-elementu detektatu dira La Lorenza meatze-barrutian, eta 4 Mina José meatzean. Dokumentu horretan bildu dira, halaber, eremuan aurkitutako azaleratze geologikoak: failak, ebakidurak, kareharrizko azaleratze bat, lapiaz bat eta La Gitana kobazuloa, besteak beste. Horrez gain, karstifikatze-prozesuak ere hauteman daitezke argi eta garbi.

Gerente putzuaren diagnostiko horretan eremuko landaredia ere aipatu da; ibaiertzeko landaredia da, eta haltzadi kantauriar gazte bat da nagusi, banda trinko eta ondo egituratu bat osatuz. Eremu txiki batean lurzorua bustita dago, eta haltzadi zingiratsu baten itxura hartzen du.

 “Leku batzuetan espezie inbaditzaileak ere aurkitu dira; desagerrarazi egin beharko dira. Horrez gain, eremu natural eder honetan bizi diren animalien inbentarioa ere egin da”, jakinarazi du Etxebarriak.

Gerente putzuak ekosistema gisa izan dezakeen ahalmena arriskuan jartzen dute gaur egun bertan dauden zenbait espezie exotikok; batzuk jatuntasun handikoak dira, eta anfibioak, narrastiak, beste arrain batzuk edo uretako hegaztien txitak harrapatzen dituzte. Horrela, arriskuan jartzen dute putzuak habitat gisa izan dezakeen garapena.

“Oraintxe bertan, inolako ordenarik gabeko paisaia bat da, baina erabilera-aukera ugari izan ditzake, eta balioa eman diezaieke gure historia eta naturari. Eremuaren ahulguneak, mehatxuak eta indarguneak aztertu ondoren, azkenean osatu den dokumentuan oinarrizko proposamen bat egin da, eta hori garatuko da, hain zuzen ere, Ekintza Planean”, adierazi du alkateak.

Ekintza Plan horrek eremua berreskuratzeko egin behar diren jarduketak definitu eta zehaztuko ditu, baita ondoren egin beharrekoak ere, hainbat helbururekin: antzinako meatzaritza-instalazioak garbitzea eta finkatzea, flora- eta fauna-espezie inbaditzaileak desagerraraztea, eta, azkenik, mantentze-lan orokorrak egitea, zaborra eta eremua narriatzen duten beste elementu batzuk desagerraraziz. Horrez gain, interesguneetako sastrakak kenduko dira eta mantentze-lanak egingo dira eremu horietan, baita paisaia ordenatzeko jarduketak ere.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak 28.800 euroko diru-laguntza eman dio Abanto Zierbenako Udalari, eremua biziberritzeko eta paisaia-, diagnostiko- eta ekintza-plan bat egiteko. Proiektuak, guztira, 40.000 euroko kostua izango du.

Datorren azaroaren 10ean, osteguna, arratsaldeko sei eta erdietan, jendaurrean jarriko dira egindako diagnostikoaren ondorioak eta datuak, Las Carrerasko Haritzalde erakustaretoan. Horrez gain, Ekintza Plana esleitu ondoren, herritarrei beste partaidetza-tailer baterako deialdia egingo zaie, interesdun guztien iritziak jasotzeko asmoz.

“Lehen urratsa egin dugu, baina bide osoan alboan eduki nahi ditugu herritarrak. Horregatik, berriro galdetuko diegu ea proiektua gustatzen zaien edo zerbaiten falta sumatzen duten. Gerente putzurako Ekintza Plana datorren urtean gauzatuko da”, adierazi du Etxebarriak.