Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak, Meatzaldeako gainerako udalekin batera, Bizkaiko Foru Aldundiaren Gaztedi Planari eutsi dio; horretarako, duela gutxi ekintza-plan bat sinatu du, Aldundiak sustaturiko gazteentzako plan hurbil, aktibo eta parte-hartzailearen baitan.

Meatzalde Gaztediren lehen egitasmoa 2013an sinatu zuen Abanto Zierbenako Udalak, eta gazteei lan-munduan sartzen laguntzeko eta enplegua sustatzeko ekintzak bultzatu zituen. Hitzarmen garrantzitsu honek hiru urte daramatza eskualdean, eta luzapena sinatu dute duela gutxi.

Meatzalde Gaztedik programaren parte diren udalerrietako gazteen prestakuntza xede duten ikastaroak eta tailerrak ekarri ditu. Abanto Zierbenako Udalak Ekipo Elektriko eta Elektronikoen Muntatze eta Mantentze Lanetarako Laguntzaile izateko Profesionaltasun Ziurtagiriak eskuratzeko aukera eskaini du, eta 14 gaztek parte hartu dute bertan.

Ziurtagiri horrek titulazio bat eskuratzeko aukera ematen du, elektrizitatearen eta elektronikaren sektoreko lan-merkatura sartu ahal izateko.

“Egiteko asko dago gazteriaren arloan, eta Bizkaiko Foru Aldundiak hainbat tresna ematen dizkigu aurrera egiteko eta gure gazteei proposamenak eskaintzeko. Hitzarmen honek gazteen enplegua sustatzen du eta prestakuntza-aukerak areagotzen ditu; gaur egungo egoera ikusita, inoiz baino beharrezkoagoa da hori”, esan du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Abanto Zierbenako Gazteria arloak antzeman du IT Txartela ziurtagiria eskuratzeko eskari handia dagoela. Ziurtagiri hori informazioaren teknologien arloko oinarrizko gaitasunak ziurtatzeko sistema bat da, eta pertsona batek tresna informatikoak eta Internet erabiltzeko duen gaitasuna egiaztatzen du. Une honetan, 12 gazte ari dira ziurtagiri horiek eskuratzen.

“Une honetan, lanpostu askotan eskatzen dute ziurtagiri hori; horregatik, izatea, eskuratzea, beti da onuragarria. Lanean jarduten dugu gure gazteek lanpostu guztiak eskuratu ahal izan ditzaten, eta, horretarako, prestakuntza jarraitua ezinbestekoa da", azaldu du Etxebarriak.

Gazteentzako tresnen multzo horren barruan dago, halaber, arrisku handiko elikagaiak manipulatzeko ikastaroa; horren bidez, manipulatzaile-txartela eskura daiteke. Txartel hori eskatzen dute lanpostu askotan; hauetan, esaterako: aisialdiko begiraleak, jantokiko zaintzaileak eta, bereziki, ostalaritzaren sektorean.

“Ikastaro horiek eskaini ahal izateko, 27. 000 euroko inbertsioa behar da, eta horren % 60 Aldundiak diruz laguntzen du”, gogorarazi du Etxebarriak.

Horrez gain, Meatzalde Gaztedi proiektuak berdintasuna sustatuko duten jarduerak ere gauzatu nahi ditu. Hori dela eta, gazteek askotan jasaten dituzten harreman toxikoei eta presio sexualari buruzko tailerrak egingo dira, eta horiei aurre egiteko gakoak emango dira. Horrez gain, autodefentsa birtualari buruzko hitzaldiak emango dira. Horietan landuko da nola saihestu behar den gure bikotekideak mugikorraren edo sare sozialen bitartez gu kontrolatzea; horrela, ezkutuko indarkeria sexista ekidingo dugu.

Horrez gain, autodefentsa feministako tailer bat ere emango da, 18 eta 26 urte bitarteko neskentzat. Tailer horren helburua da, genero-indarkeriarekin amaitzeko lehen urrats gisa, gure eguneroko bizitzan jarrera eta portaera sexistak identifikatzea, konturatzeko indarkeria hori gure hurbileko ingurunean ere iraunarazten eta transmititzen dela.

Urteko azken hiruhileko honetan, Gazteria Sailak uretako sorospen-ikastaroa sustatuko du. Horren bitartez, 15 gaztek diziplina hori ikasteko eta sorosle-ziurtagiria lortzeko aukera izango dute.

2016-2020 Gaztedi Planaren helburua da maila eta erakunde guztietan lan egitea, Bizkaiko gazteen artean aukera-berdintasuna bermatzeko, oro har, gazteek bizi-proiektu autonomoa eta kalitatezkoa garatu ahal izan dezaten. Eta hori modu hurbilean egitea.