Albisteak

 

Duela 15 urte Abanto Zierbena aitzindaria izan zen legeria berrira egokitutako irisgarritasun-plan bat egiten; orain berriz ere nagusi izan nahi du irisgarritasun arloan, eta horregatik plana berrikusi egin da.

"Proiektuan ezarritakoaren zatirik handiena bete da; espazio publikoak berritu egin dira horietarako irisgarritasuna errazteko, arrapalak eraiki dira eta Eusko Gudariak plazako igogailua abian jarri da, aparkalekutik plazara iristea ahalbidetzeko. Alabaina, jarduketa berriak gauzatu eta legeria berrietara egokitu behar dugu, eta herritar guztien erosotasuna eta segurtasuna bermatu", jakinarazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Abanto Zierbena udalerria asko hazi da azken urteetan eta badaude zenbait arazo bertako diseinuan; azpiegitura berriak behar ditu, desgaitasuna duten pertsonen edo mugitzeko zailtasunak dituzten adinekoen beharretara egokitzeko.

"Espazio publikoen diseinuak gabeziak baditu, urritasun fisikoak dituzten pertsonak zenbait jarduera gauzatzeko aukerarik gabe geratzen dira; horrek bazterkeriari ematen dio bide, eta borroka egin behar dugu horren aurka. Horrenbestez, Irisgarritasun Plana berrikusiko da eta berri bat idatzi; ildo horretan, Udalak 30.000 euro bideratu ditu agiri berriaren idazketa kontratatzeko", adierazi du Etxebarriak.

Abanto Zierbenako Udala kezkatuta dago udalerriak irisgarritasun unibertsalari dagokionez dituen ezaugarriekin eta egungo planeko proposamenen amaierarekin. Hori dela eta, egokitzat jo du Irisgarritasun Planaren berrikuspena idatz dadila sustatzea. Plan horren xedea izango da udalerrian irisgarritasuna hobetzeko gauzatu beharreko jarduketa guztiak hierarkizatzea, ordenatzea, arrazionalizatzea eta koherente bihurtzea.

2016ko azaroan hasiko gara dokumentua egiten, eta herritarrek parte hartzeko tarte bat ere egongo da, plana % 100ean egokitu dadin herritar guztien beharretara.

Etxebarriaren hitzetan, "herritarrek parte hartzeko aldi bat irekiko da; abantarren ahotsa entzun nahi dugu, beti bezala, eta haiek adieraz diezazkigutela ikusi dituzten edo gainditu behar izan dituzten oztopo arkitektonikoak. Hartara, arazo horiek konponduko ditugu, zuzenean eta gertutik lan eginez".

Plan berrituak hainbat jarduketa zehaztu, ebaluatu eta proposatuko ditu, kaleetan, plazetan, parkeetan, eraikin publikoetan eta garraio publikoaren geltokietan dauden oztopoak desagerrarazteko.

"Aldaketa behar duten lekuetan etapaka lan egingo dugu, esku-hartzeak eraginkorrak eta azkarrak izan daitezen; horrez gain, horiek egiteko finantzaketa bilatuko dugu, eta adi ibiliko gara Eusko Jaurlaritzak irisgarritasunaren arloan urtero ematen dituen diru-laguntzak lortu ahal izateko. Une egokia da gure udalerriko irisgarritasuna ebaluatzeko; badakigu egoera onean dagoela, baina urrats bat gehiago eman behar dugu: Abanto Zierbena irisgarriagoa nahi dugu, herritar guztiei erosotasun berdinak eskainiko dizkiena", esan du alkateak.

Era berean, ahalegin berezia egingo dugu herritarren arretarako bitarteko teknikoak eta Udalaren webgunea egokitzeko; hemendik aurrera erabilerrazagoak izango dira.

Irisgarritasuna ez da behar bat soilik, baita herritar guztien eskubideak errespetatzeko bermea ere. Abanto Zierbenak duela 15 urte ekin zion irisgarritasunaren bideari, baina orain berriz ere nota ona lortu nahi du ikasgai horretan, eta gogor ari da lanean horretarako.