Albisteak

 

Igande honetan, urriaren 9an, Abanto Zierbenan proiektu garrantzitsu bat abiaraziko da. Familia osoarentzako ekimen osasungarria da eta burdin bideek pausoz pauso erakusten diguten historia ezagutaraztea du xede.

Bide berdean zeharreko 9 kilometroko ibilbidea izango da. Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoan elkartuko gara, goizeko 10:45ean; hala ekingo diote parte-hartzaileek denboran atzerako bidaiari.

Oso plan osasungarria da, familiarekin batera gozatu daitekeena. Proiektua Abanto Zierbenako Udalak, Enkarterrialde – Landa Garapenerako Elkarteak eta Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoak abiarazi dute.

“Gure udalerrian horrelako txango bat eskaintzen dugun lehendabiziko aldia da. Bide berdea, antzina Enkarterriko meatzetatik itsasorantz burdin mea garraiatzeko erabiltzen zen burdinbidea, ezagutzeko aukera dugu. Ibilbidean zehar, Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoko langile adituek meatzaritzak gure paisaian utzi dituen arrasto anitzei buruzko azalpenak emango dizkigute; ziur bat baino gehiago zur eta lur utziko dutela. Meatzaldeko lagun guztiak animatu nahi ditugu parte hartzera, bere sustraiak eta inguruak hobeto ezagutu ditzaten”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Alkatearekin batera, ibilbidearen aurkezpenean Txus Gómez Enkarterrialdeko gerentea ere bertan izan da, eta hark ere Abanto Zierbenatik igaroko den “Igandeak Bide Berdean zehar” proiektuarekiko harrotasuna eta poztasuna erakutsi du.

Izen-ematea doakoa da eta Udalaren webgunearen bidez (www.abanto-zierbena.eus), Enkarterrialderen webgunearen bidez (www.enkarterrialde.eus) edo 618 70 99 40 telefono zenbakiaren bidez egin daiteke.

“Inork galdu behar ez lukeen aukera dugu hau. Gure mendiak historiaz blai daude, bertan meatzaritzak bizirik dihardu eta pertsona askok oraindik ez dakite bide berdean zehar dauden tresna eta egiturak meatzaritzaren bizitzaren parte direla. Bizimodu horrek aberastasuna ekartzeaz gain, ingurua eta bertan bizi ziren herritarren bizitzak ere eraldatu zituen”, adierazi du Txus Gómez Enkarterrialdeko gerenteak.

Ibilbide interesgarri hau 11:30ean abiatuko da eta parte-hartzaileak La Balastera auzotik igaroko dira bide berdera. Ondoren, karga-habeko aurrietara eta “El Once” gunera zuzenduko dira. Bertan, hornidura-gunea egongo da eta fruta, ura eta txoripanak banatuko dira, indarberritzeko. Halaber, bideari buruzko dokumentazio osagarria ere emango da, adimena elikatzeko; hamaiketako erabat osatua, beraz.

Kolore berdea eta burdinaren kolore gorria uztartzen dituen ibilbide eder horretatik bueltatutakoan, izaera gastronomikoko beste ibilbide bati heltzeko aukera egongo da, Meatze-pintxoaren ibilbidea, hain zuzen ere. Plazako tabernetan prezio merkeak egongo dira burdin-mendietan zeharreko martxan parte hartu duten guztientzat.

“Zailtasun txikiko ibilbidea da, pertsona guztiek gozatzeko antolatutakoa. Eguerdiko ordu bata eta erdietan amaituko da, gutxi gorabehera, eta nahi dutenek ordu bi eta erdiak arte meatzaldeko pintxorik onenak dastatzeko aukera izango dute. Igandea familiarekin, lagunekin edo bikotekidearekin igarotzeko plan bikaina dela uste dugu. Osasungarria eta aberasgarria izateaz gain, burdin eta suaren bidez eraikitako gure historia ezagutzeko aukera bikaina ere bada”, jakinarazi du Etxebarriak.

“Enkarterrialdetik esango genuke familia-ibilbide hauek abagune bikaina direla Bide Berdea ezagutzera emateko eta dinamizatzeko. Erakundeetatik aukera aprobetxatu behar dugu baliabide hau aberastasun ekonomikoa sortzeko produktu bilakatzeko”, amaitu du Enkarterrialdeko gerenteak.

Igande honetan ekingo diete Abanto Zierbenan bide berdean zeharreko ibilbideei. Mendiko botak janzteko eta gure historian zehar ibiltzeko garaia iritsi da.