Albisteak

 

Pilotarekin hitzordu garrantzitsua izango dugu abenduaren 23an, ostiralean, Gallartako Txikito pilotalekuan. Gabonetako II Pilota Jaialdia jokatuko da 19:30etik aurrera. II Vitxogar Jaialdian bi pala-partida jokatuko dira: Gaubeka-I.Perez vs Necol-Ibargarai eta Fusto-Gordon vs Landeta-Imanol.  Palaren ondoren, esku-pilotaren txanda izango da, eta pilotalekuko izar handienetakoak arituko dira aurrez aurre, besteak beste, Titín III eta Xala.

Augusto Ibáñez 'Titín III', pilotaren mito bat da: lau t'erdiko txapelduna izan zen 2007an, eta eskuzko binakakoan lau aldiz jantzi du txapela. 22 urtez kantxan aritu ondoren, Tricioko (Errioxa) pilotariak 2014an utzi zuen gerriko profesionala eta, orain, kirolari nekaezin honek Gallarta bisitatuko du.

Yves Xala, ezkerra, Lekuinen (Lapurdi) jaio zen, eta honek ere sari-bilduma gogoangarria du: esku-huskako txapeldun izan zen 2011n eta hiru aldiz jantzi du txapela binakakoan (2002, 2007 eta 2010).

“Kartel erakargarria benetan zaleentzat; izan ere, bertan izango dira beste bi pilotari handi ere: Gorrotxategi eta Lasa IV. Ikuskizuna bermatuta dago Titin III-Gorrotxategi vs Xala-Lasa IV partidarekin”, iragarri du Maite Etxebarriak, Abanto Zierbenako alkateak.

Titin III-Gorrotxategi vs Xala-Lasa IV

Jaialdi erakargarria, zalantzarik gabe, Gallartan izango dena, benetako zale batek galdu ezinekoa. Sarrerak leihatilan erosi ahal izango dira, aldez aurretik, gaur (asteartea, abenduak 20), eta ostegunean (abenduak 22), pilotalekuan bertan. Partidaren egunean ere erosi ahal izango dira, sarrerak agortu arte. Sarreraren prezioa 10 eurokoa izango da.

“Titín III eta Xalaren bi kamiseta eta ardo kaxa bat zozkatuko dira sarrerarekin”, esan du, amaitzeko, Etxebarriak.