Albisteak

 

Udako oporretan lapurretek gora egiten dute etxebizitzetan. Lapurrek etxetik kanpo igarotzen ditugun egun horiek aprobetxatzen dituzte gure etxeetan sartzeko. Arrazoi hori dela eta, azken lau urteotan Abanto Zierbenako Udalak zenbait ohar eman izan ditu lapurrak geldiarazteko.
 
“Uztail hasieran 5.000 triptiko banatu ditugu etxebizitza eta saltokietan. Eskuorri horietan lapurretak saihesteko oinarrizko segurtasunari buruzko zenbait aholku jasotzen dira. Lapurren lana galarazteko hainbat neurri dira”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.
Eskuorria irudiz osatuta dago, eta zenbait aholku jasotzen ditu; hala nola sare sozialetan udako planen edo bidaien berri ez ematea. Halaber, garrantzi handikoa da pertsiana guztiak ez ixtea, etxebizitza hutsik dagoela eman ez dezan; edo postontzian eskutitzak pilatzen ez uztea, horrek argi utziko bailuke etxean ez gaudela. Neurri txikiak dira, baina atsekabeak ekiditeko nahikoa. Meatzaldeko Udalak banatutako triptikoan lapurren kontrako hamabi bat prebentzio-neurri agertzen dira, oporraldi lasaia bermatzeko xedea dutenak.

Merkatariei dagokienez, objektu baliodunak beira-arasa eta erakusmahaietatik aldentzea gomendatzen da, eta kutxa erregistratzailea eta txanpon-makinak hutsik eta zabalik uztea, lapurrek saltokira sartzen badira ere ezer ez dagoela ikus dezaten eta makinak bortxatu ez ditzaten.

Halaber, komeni da merkatariek ate eta leihoetan eta establezimendurako bestelako sarbideetan (besteak beste, haizebide eta sabai-leihoak) palanken eta mozketen kontrako pertsianak eta/edo burdin-hesiak instalatzea.
2008tik, Udal honek lapurren kontrako neurriei buruzko hitzaldiak egin ditu, bereziki pertsona nagusientzat.

“Aholku praktikoak dira, Abanto Zierbenako herritarrek eta merkatariek merezitako udako oporretan lapurretarik jasan ez dezaten. Udaltzaingoak gomendatzen du oinarrizko segurtasun-neurri horiek aplikatzea eta susmorik izatekotan, 946362881 telefono-zenbakira deitzea. Gogoan hartu damutu baino lehen”, gogorarazi du Etxebarriak.

Bero-boladei aurre egiteko aholkuak

Udarekin batera, oporrak, lapurrak eta beroa iristen dira. Tenperatura altuen aurrean gizatalderik ahulena adinekoak dira. Arrazoi hori dela eta, Abanto Zierbenako Udalak kontzientziazio kanpaina bat abiarazi du, udalerriko nagusiek, batez ere, tenperaturek gora egitean zenbait neurri har ditzaten.

“Etxeko Arreta Zerbitzuko onuradun guztiei eskutitz bat bidali zaie, eta bertan azaldu zaie zein garrantzitsua den beroaren aurrean zenbait aholku praktikori jarraitzea. Gainera, etxeko laguntzaileek jarraibide horiek gogoraraziko dituzte. Zerbitzu honi esker, 90 pertsonari baino gehiagori ematen zaio arreta urtero”, jakinarazi du Etxebarriak.

Meatzaldeko Udal honek beroak pertsona nagusien ongizate fisiko, psikiko eta emozionalean izan ditzakeen eraginaz ohartarazten du, bizilagun guztiek kontuan hartu dezaten. Halaber, edozein motatako arazorik izanez gero, Udalarekin harremanetan jartzea gomendatzen da. Hau da, ikusten bada hurbil edo eraikin berean bizi den pertsona nagusi batek etxetik ateratzeari uzten diola edo ohiko errutinari jarraitzen ez diola, edo haren etxean zaratak entzuten ez badira, ezinbestekoa da berehala abisua ematea.

“Gizarte Ekintza saileko kideok zenbait ohar gogorarazi nahi ditugu, esate baterako, honako hauek: ur gehiago edan, hidratazio-maila mantendu, ur hotzeko bainu eta dutxak hartu, pertsianak jaitsi eguzkia zuzenean ez sartzeko eta bero gutxiago egiten duenean etxebizitza aireztatu, hala nola gauez, aire freskoa etxean sar dadin. Halaber, garrantzitsua da tenperatura altuetarako egokia den arropa janztea; arropa zabalak eta kolore argikoak gomendatzen dira. Janariari dagokionez, elikagai freskoak dira onenak, entsalada, fruta edo barazkiak, esaterako”, azpimarratu du alkateak.

Abanto Zierbenako Udala beti dago herritarren beharrei adi, bereziki adinekoei dagokienez, haiek baitira kasu honetan ahulenak. Udalak kanpaina hau udalerriko bazter guztietara iristea nahi du eta,hori dela eta, bandoak jarriko dira herriko iragarki-tauletan, eta informazioa webgunean jarriko da.

“Horrelako kasuetan herritarren laguntza behar dugu; horregatik, ezohiko egoeraren bat ikusiz gero, Udalarekin edo larrialdi zerbitzuekin harremanetan jartzeko eskatzen dizuegu. Gure nagusiak zaindu behar ditugu”, amaitu du Maite Etxebarriak.