Albisteak

 

Meatzaljaiak hiru urte daramatza berrogeita hamar saltoki inguru biltzen Gallartako Blasco Ibañez parkean eta Eusko Gudariak plazan. Aurten ekitaldia maiatzaren 8an, igandean, izango da.  Aire zabaleko erakusleiho erraldoi horretan bilduko dira Abanto Zierbena, Trapaga, Ortuella eta Muskizko saltokirik onenak.

“Artisautza, moda, argazkilaritza, oinetakoak, edertasuna, informatika-zerbitzuak, gozogintza, loregintza... hara bertaratzen diren herritarrek denetarik aurkituko dute, haien gustuak eta beharrak edozein direlarik ere. Meatzaldeko produkturik onenak, toki berean elkartuta”, adierazi du harro Maite Etxebarriak, Abanto Zierbenako alkateak.

Bilera hau 2014an egin zen lehen aldiz Trapagaranen; joan den urtean, berriz, Ortuellan egin zen, eta aurten Abanto Zierbenara iritsi da, urtez urte arrakasta handia lortu ondoren. Merkataritzaren jaia Meatzaldeko merkatarien eta ostalarien elkarteen arteko elkarlanetik jaio zen. Hauek dira, besteak beste elkarlanean jardun duten elkarteak: Abanto Zierbenako Merkatari eta Ostalarien Elkartea (ACHA), Muskizeko Denda Batuak, Ortuellako Merkatari eta Profesionalen Elkartea eta Baturik- Trapagarango Merkatari eta Ostalarien Elkartea.
Eskualdeko 4 udalek, baita Ezkerraldenda elkarteak, Eusko Jaurlaritzak, Meatzaldeko Behargintzak eta La Caixaren Gizarte Ekintzak ere babesten dute ekitaldiz beteriko festa-egun hori. Goizeko hamaiketan hasiko da Meatzaljaia, “El despertar de la mina” ikuskizunarekin. Emanaldi horren bitartez, meatzetan bizia galdu zuten meatzariei eta txirla-biltzaileei omenaldia egin nahi diete. Musikaz eta pirotekniaz lagunduriko antzezpen horren meatzeko eguneroko lana taularatzen du.

“Meatzaljaia merkataritza-azoka bat baino gehiago da, jai bat da. Giro ona funtsezkoa da. Egun horrek argi adierazten du eskualdeko 4 udalek tokiko saltoki txikien alde hartu duten konpromiso sendoa; izan ere, tokiko merkataritza ezinbestekoa da gure udalerriek bizirik irauteko”, azaldu du Etxebarria. Jarduera horrek helburu argiak ditu: Meatzaldeko merkataritza-eskaintzari duen balioa aitortzea, hurbileko merkataritza sustatzea eta herritarren parte-hartzea bultzatzea.

Postu guztiak irekita egoteaz gain, etxeko txikiek puzgarriez eta umeentzako tailerrez gozatu ahal izango dute goizeko hamaiketatik arratsaldeko hirurak arte.

Festaren inaugurazio ofiziala hamabietan izango da. Une horretan, Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak, Meatzaldeko gainerako alkateekin eta merkatarien elkarteetako ordezkariekin batera, zinta moztuko du. Ondoren, dantzariek aurreskua dantzatuko dute. Hortik aurrera, guztiz irekitzat emango da 2016ko Meatzaljaia. Egunean zehar, gainera, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza sailburuorde Itziar Epalza ere bertan egongo da.

Handik ordu erdira kaleetako animazioa hasiko da, euskal dantzak barne. Halaber, fanfarriak eta trikitixaren soinuak erritmoz eta alaitasunez beteko dituzte Meatzaljaiko txoko guztiak goiz osoan zehar.

Eguerdi aldera, ordu bat eta erdietan, bateko eta besteko erosketak une batez gelditu eta harri-zulatzaileen ikuskizunaz gozatu ahalko dute herritarrek. Horrez gain, adin guztiei zuzenduriko meatze-jokoak ere egongo dira.

Eta bazkaltzeko, ordu bi eta erdiak aldera, indaba-jan solidarioa. Bildutako diru guztia Neuroblastoma duten Haurren Senide eta Lagunen Elkarteari (NEN) emango zaio. Neuroblastoma umeen minbizi mota bat da, eta nerbio-sistemari eragiten dio. Haurrek izaten duten hirugarren tumorerik ohikoena da. Tratamendu eraginkorrak lortzeko, gaixotasun hori duten edo izan duten haurren gurasoek bat egin dute. Haien helburua biziraupen-tasa handitzea da; izan ere, gaur egun, gaixotasun hori duten haurren % 50 baino gutxiagok gainditzen dute gaitza. Ezinbestekoa da gaixotasunari buruzko ikerketarako eta tratamendurako funtsak biltzea. “Hori dela eta, igandean koilarakadaz koilarakada elkartasuna erakutsi behar dugu Gallartan, borroka latz horretan dabiltzan haurrei eta haien senide zein lagunei laguntzeko. Txartelak 3,50 euro baino ez du balio”, azaldu du Etxebarriak.

Azken ekitaldia arratsaldeko hiruretan izango da; laurehuna euroko bi erosketa-txartel zozkatuko dira azokara bertaratu diren pertsona guztien artean. Zozketa hori azokako hitzordu klasiko bilakatu da dagoeneko. Txartelak aurrez banatuko dira salmenta-postuetan. Horrez gain, aurretik udalerri bakoitzean inplikatutako saltokietan ere banatuko dira txartelak. Irabazleek haien erosketa txarteleko ehuna euro gastatu beharko dituzte azokan parte hartzen duten 4 udalerrietan.

Meatzaljaia 2016 egin ahal izateko, 13.000 euro inbertitu dira.

 Egitaraua jeitsi (PDF 95KB)

 Kartela jeitsi (PDF 123KB)