Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak, Trapagaran eta Muskizko Udalekin batera, Bizkaiko Foru Aldundiaren Gaztedi Planean parte hartzen jarraitzen du. Meatzalde Gaztedi ekimenak gazteen laneratzea eta enplegua ahalbidetzeko ekintzak sustatzen ditu. Hitzarmen garrantzitsu hori duela hiru urtetik dago indarrean.

2016an, proiektu horri esker, proiektuan parte hartzen duten udalerrietako gazteei zuzendutako ikastaroak eta tailerrak antolatu dira berriro ere. Ildo horretan, Muskizko eta Abanto Zierbenako Udalek honako profesionaltasun-ziurtagiri hau elkarrekin egitea proposatu dute: Ekipo Elektriko eta Elektronikoak Muntatzeko eta Mantentzeko Laguntza Lanak.

Ziurtagiri horrek titulazio bat eskuratzeko aukera ematen du, elektrizitatearen eta elektronikaren sektoreko lan-merkatura sartu ahal izateko.

“Gaur egungo gazteen egoera ikusita, hitzarmen honen xedea da, bereziki, horien artean enplegua sustatzea. Biztanleria-sektore horretan, langabezia errealitate bat da eta, horregatik, ateak irekitzen lagundu eta aukera berrietarantz bultzatu behar ditugu, lanpostu berrietarantz”, esan du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Abanto Zierbenako Gazteria arloak antzeman du IT Txartela ziurtagiria eskuratzeko eskari handia dagoela. Ziurtagiri hori informazioaren teknologien arloko oinarrizko gaitasunak ziurtatzeko sistema bat da, eta pertsona batek tresna informatikoak eta Internet erabiltzeko duen gaitasuna egiaztatzen du. Beraz, gai horri buruzko ikastaro bat egingo da. Etxebarriaren hitzetan, “homologazio interesgarria da aurten aterako diren oposizioei begira; izan ere, askotan nahitaezko baldintza izaten da azterketara aurkeztu ahal izateko”.

Gazteentzako tresnen multzo horrek barne hartzen du, halaber, arrisku handiko elikagaiak manipulatzeko ikastaroa; horren bidez, manipulatzaile-txartela eskura daiteke. Txartel hori eskatzen dute lanpostu askotan; hauetan, esaterako: aisialdiko begiraleak, jantokiko zaintzaileak eta, bereziki, ostalaritzaren sektorean.

Azkenik, Meatzaldeko udalerrietako gazteei zuzendutako prestakuntza-ikastaroen artean, uretako sorospenen ikastaroa ere egongo da. Ikastaro horrek laster lana aurkitzeko bide eman diezaieke gazteei; izan ere, uda badator, eta, harekin, baita hondartzetako eta igerilekuetako bainuak ere.

“Lau ikastaro horiek egiteko, Abanto Zierbenako Gazteria arloak 25.000 euro baino gehiago inbertitu ditu”, gogorarazi du Etxebarriak.

(Hiru udalek gazteei zuzendutako ekintza horietarako egindako gastu orokorra 72.757 €-koa da).

Horrez gain, Meatzalde GAZTEDI proiektuak berdintasuna sustatuko duten jarduerak ere gauzatu nahi ditu. Hori dela eta, gazteek askotan jasaten dituzten harreman toxikoei eta presio sexualari buruzko tailerrak egingo dira, eta horiei aurre egiteko gakoak emango dira. Horrez gain, autodefentsa birtualari buruzko hitzaldiak emango dira. Horietan landuko da nola saihestu behar den gure bikoteak mugikorraren edo sare sozialen bitartez gu kontrolatzea; horrela, ezkutuko indarkeria sexista ekidingo dugu.

Horrez gain, autodefentsa feministako tailer bat ere emango da, 18 eta 26 urte bitarteko neskentzat. Tailer horren helburua da, lehen urrats gisa, jarrera eta portaera sexistak identifikatzea gure eguneroko bizitzan, ondoren genero-indarkeriarekin amaitzeko, indarkeria hori gure hurbileko ingurunean ere iraunarazten eta transmititzen dela aitortuz. Tailer horietarako aurrekontua 1.300 eurokoa da.