Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak auzoz auzo eta arretaz lan egiten du. Hori dela eta, jada jarri dute beharrezkoa zen markesina berria Las Calizas auzoan.

“Herritarrek egin zuten markesinaren eskaera; eremu horretako bizilagunak Jon Cuesta auzoen zinegotziarekin bildu ziren, eta, horri esker, abian jarri gara eta beharrezko izapideak egin ditugu Bizkaiko Foru Aldundiak markesina bat jar zezan Las Calizas auzoan. Horretarako, 15.000 euroko inbertsioa egin behar izan dugu”, adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxeberriak.
40 lagun bizi dira Las Calizasen, eta orain arte ez zeukaten euritik edo haizetik babesteko lekurik autobusaren zain egon behar zutenerako. Orain, markesina berriarekin, itxaronaldia askoz ere erosoagoa egingo zaie.

“Markesina honek mesede handia egingo dio garraio publikoari, eta, horrez gain, onura ekarriko die Las Calizasen bizi diren txikienei ere, eskola garraiorako geltoki estalia baita. Markesina behar-beharrezkoa zen, eta hemen da jada”, esan du Etxebarriak.

Markesina berria Aldundiak landa-eremuetan erabiltzen duen modelokoa da; horrela Aldundiaren inbentarioan sartuko delako eta mantentze-lanak hark ordainduko dituelako aukeratu da bertsio hori.

Gainera, Gallartatik La Arboledarako lineako autobusaren maiztasuna areagotzea ere lortu da: aurrerantzean, ordu erdian behin igaroko da. Era berean, bidaien maiztasuna handitu ez ezik, zerbitzua ere areagotu da. Izan ere, orain arte, Las Calizaseko bizilagunak garraio publikorik gabe gelditzen ziren abuztuan, baina hemendik aurrera, 2017ari begira, Las Calizaseko abantoarrek urte osoan izango dute autobus-linea, geldialdirik gabe.

“Auzo bakoitzaren ongizatea garrantzitsua da, eta auzo guzti-guztiak hartzen ditugu kontuan, txikienetik handienera, salbuespenik gabe. Horregatik, markesinaz gain, Las Calizaserako beste proiektu batzuk ere badaude mahai gainean; besteak beste, hango aisialdi-gunea berritzea. Mahaiak, jarlekuak eta barbakoak hondatuta daude, eta hasiak gara jarduketa-plan bat egiten, hurrengo udarako berrituta egon daitezen”, iragarri du Etxebarriak.

Udala Las Calizaseko herritarrekin harremanetan egon delako jarri ahal izan da markesina berria. Alabaina, lankidetza estu horrek fruituak eman zituen orain bi urte ere: orduan, argiteria publikoa hobetzeko eskatu zuten, eta Udalak eskaria bete zuen. 2014an argi-puntuak kokatu ziren etxebizitza bakoitzeko sarrerako atean, bizilagunei segurtasun eta ongizate handiagoa bermatzeko.
“Apurka-apurka gure herritarren eskaerak betetzen ari gara; dena dela, beti dago zer hobetu, eta horretan gabiltza. Kasurako, Las Calizaseko argiteria publikoa hobetzeko bigarren fasea antolatzen ari gara; aurki ikusiko du argia”, esan du, olgetan, alkateak.

Las Calizasen eginiko lanak agerian jartzen du Abanto Zierbenako Udalak bere herritar guztiekin eta haien bizi-kalitatearekin duen konpromisoa. Izan ere, Udalak lelo ezin praktikoago bat dauka: esan eta egin. Orain, Las Calizaseko markesina berrian egon beharko dugu hurrengo bidaiaren zain, Abanto Zierbenako Udala ez baita inoiz gelditzen.