Albisteak

 
Jarduera Fisikoaren Nazioarteko Egunaren harira, kirol-ohitura osasungarriak izateak duen garrantzia helaraztea da Euskal Asteko Herri Martxaren helburua. Apirilaren 17an egingo da, igandean.

Goizeko hamarretan hasiko da, Alberto Ezkurdia parkean, eta Gallarta, Las Carreras eta Sanfuentes zeharkatuko ditu. Hasierako leku berean amaituko da, 13:30 aldera, Gallartako Eusko Gudariak plazan alegia.
“Musikaren erritmoan egingo dute aurrera helmugara iritsi arte, dinamizatzaile batekin. Dinamizatzaileak jarduera fisiko batzuk egingo ditu lehenengo orduan, eta, gero, musikarekin alaituko du ibilbidea. Guztira, 8,5 kilometro dira, Alberto Ezkurdia parketik hasita. Ondoren meatzaritzaren museo aldera doa ibilbidea, eta jarraian, bide berdetik, Balastera aldera, Putxetaraino iritsi arte. Putxetan lotuko da ibilbidearen lehen erdia, Las Carrerasko erdialdean, Trinitate plazan. Hamaika eta erdietan, hamabost minutuko atsedenaldia egingo da, indarrak hartzeko, eskainiko diren fruta eta urarekin. Hortik aurrera, ibilbidearen bigarren zatiari helduko zaio. Trinitate plazatik San Pedrorako bidea hartuko da, Sanfuentesko Santa Luzia auzora iritsi arte. Ondoren, Sanfuentes eta El Casal auzoetatik igaroko da ibilbidea, eta azkenik udaletxetik eta berriro Gallartara.

Familientzako, adinekoentzako eta kuadrillentzako moduko ibilbidea da, eta parte-hartzaileek gure paisaiez gozatu ahal izango dute. Gainera, euskaraz egingo dute” adierazi du Maite Etxebarriak, Abanto Zierbenako alkateak.

Halaber, nabarmendu egin behar da Sendoa Atletismo Klubak eta Gallarreta Alpino Klubak martxa baino lehen, martxan bertan eta ondoren egindako lana eta emandako laguntza. Horrez gain, III. Herri Martxak Deia egunkariaren eta udalerriko kirol-instalazioak kudeatzen dituen Guedan enpresaren babesa du.

Zailtasun-maila ertain-baxuko ibilbidea da, Abanto Zierbena udalerriko auzo handiak zein landa-auzoak zeharkatzen dituena, eta herriko txoko ederrenak erakusten ditu, pausoz pauso. Hiru ordu iraungo du probak, eta euskarak, kirolak eta osasunak elkarrekin egingo dute ibilbidea.

Egitaraua.