Albisteak

 

Abanto Zierbenak parte hartzeko gune berri bat dauka, udalerriko gazteenek iritziak eta ideiak bil ditzaten. Hain zuzen ere, Gazte Foroa jaio da, iaztik lantzen ari diren eta jada martxan hasi den egitasmoa.

“2015eko urrian, lehen bilera egin genuen kuadrillekin, ideiaren berri emateko. Hasteko, jaien gaia landu genuen haiekin, eta lautan elkartu gara orduz geroztik; hala, Topaketa Kuadrillak apirilaren 23an abiatuko du lehen ekintza. Egun horretan, gazteek zenbait proba egingo dituzte, jaietan jokatuko den Kuadrillen Ligarako puntuak lortzeko”, adierazi du Maite Etxebarriak, Abanto Zierbenako alkateak.

Udalak konpromiso sendoa du gazteenekin, eta izandako bilerak dira horren erakusgarri. Gazteria arloa harremanetan jarri zen herriko zenbait kuadrillarekin; horrela, zortzi taldetako ordezkariak etorri dira saioetara, 18 eta 30 urte artekoak, eta denera ehun gaztek baino gehiagok parte hartu dute.

Dinamika erraza dute saiook: kuadrillen ordezkariak bertaratzen dira (beti ez dira berberak etortzen; kuadrilla batzuetako kideak, adibidez, txandaka etortzen dira), aurreko bileraren akta irakurtzen da azaldutako ideiak gogora ekartzeko, eta aurrera egiten da hortik abiatuta. Solasaldi irekia da, eta guztiek parte har dezakete, eta iritzia agertu.

Proiektu honekin, Abanto Zierbenako Udalak gazteria-arloko politikak sustatzen jarraitu nahi du. Kolektibo horren aldeko apustu garbia da. Gainera, ez da gazteen alde eta gazteentzat soilik lan egiten; gazteen eskutik lan egiten dugu, haien kezkak eta iritziak oinarri hartuta. Ideia horren adibide argia dira proiektu hau bera eta Gazte Lokalak gazteentzako jarritako lokalen proiektua.

“Ezinbestekoa da zuzenean harremanetan egotea kuadrillekin, haiek baitira herri honen oraina eta etorkizuna. Asko dute esateko, emateko; entzun egin behar zaie, eta horren arabera lan egin, haien premiei egokitutako ekintzak sortuko baititugu horrela. Proiektuei ezin diegu heldu haiek gabe, ez lirateke-eta errealak izango. Horixe da Gazte Foroaren arima: haiengandik are gertuago egotea eta haiei ahotsa ematea”, gehitu du Etxebarriak.