Albisteak

 

Familian egoteko garaia da, lagunekin gozatzeko garaia; egun hauetan, Gabonetako espirituak hartzen du dena, baita Abanto Zierbena ere. Elkartasunak jantziko ditu jai hauek. Alde batetik, Gazteguneak Greziako Filippiada errefuxiatuen kanpamenduarentzako dirua bilduko du. Udalerriko gazte batzuk kanpamendu horretan laguntzen dute; noizean behin, hara joaten dira han bizi diren pertsonen bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko. Esate baterako, han igaro zuten uda, batez ere haurrei laguntzen.

“Azken 5 urteotan Azoka Solidarioak egin izan dira. Azoka horietan, udalerriko pertsonek eta kolektiboek emandako material guztia jarri izan da, eta horien bitartez, Abanto Zierbenako gazteek parte hartzea lortu da. Aurten, beste pauso bat eman nahi dugu: herritar guztiek parte har dezaten lortu nahi dugu”, azaldu du Maite Etxebarriak, Abanto Zierbenako alkateak.

Salgai daude jada Gazteguneko gazteek eginiko eskumuturreko solidarioak. Bi euro balio dute, eta Gaztegunean bertan eta udalerriko hainbat saltokitan eros daitezke. Saltoki horiek behar bezala seinaleztatuta daude; izan ere, saltokiko atean “merkataritza solidarioa” jartzen duen eranskailua egongo da itsatsita.

Horrez gain, Mikel Urrutikoetxea pilotariak sinatutako kamiseta bat zozkatuko da, eta horretarako txartelak salduko dira. Eskumuturreko solidarioak bezala, txartel horiek Gaztegunean eta Abanto Zierbenako saltoki solidarioetan lortu ahal izango dira, euro baten truke.

“Biltzen den diru guztia Greziako Filippiada errefuxiatuentzako kanpamenduarentzat izango da. Halaber, abenduaren 30ean, arratsaldeko seietan, txokolatada solidarioa egingo da Gallartako Txikito pilotalekuan. Udalerriko gazteek banatuko dute txokolatea eta bizkotxoa, 1,5 euroren truke.

Gabon hauetan elkarrekin

Pertsona askok bakarrik igaro beharko dituzte Gabon hauek; hori dela eta, Abanto Zierbenako Udalak Gabonak elkarrekin kanpaina jarri zuen martxan duela hiru urte, bakarrik bizi diren 65 urtetik gorako adinekoen etxeetara joan eta Gabonetako bi afari emateko, udalerriko ludoteketan parte hartzen duten haurrekin eginiko Gabonetako oparitxo batekin batera.

“Gabon gaua eta Urtezahar-gaua gau bereziak dira eta bakarrik dauden gure adinekoak pixka bat hobeto egon daitezen nahi dugu, jende artean egon daitezela; hortaz, bisita bat egin eta opari bat emango zaie. Gabon hauetan elkarrekin programa 2013an jarri zen martxan, eta bi onuradun izan zituen. Handik urtebetera, hamar pertsonak gozatu zuten egitasmoaz. Iaz, 11 izan ziren, eta Gabon hauetan 10 pertsonarekin partekatuko dugu Gabonetako otordua. Gure adinekoek gure arreta, errespetua eta elkartasuna merezi dute”, adierazi du Etxebarriak.

Gabonak opariz beteta iristen dira beti, dendariek lan handia izan ohi dute egun hauetan; hori dela eta, Abanto Zierbenak detailetxo bat izan nahi du haiekin guztiekin.

Egitasmo hau Merkataritza Dinamizatzeko Planaren barruan sortu da. Plan horren bitartez, saltoki eta ostalaritza-lokalei Gabonetako opari bana emango zaie, apaingarri gisa jarri eta jai-giro atseginagoa sor dezaten. Ekarpen txiki honekin, Gabonetako argiekin batera, gure udalerriko merkataritzaren irudia indartu nahi da. Horrela, establezimenduak  erakargarriagoak izatea lortuko dugu.

“Abanto Zierbenako Udalak gogoan ditu merkataritzan eta ostalaritzan aritzen zareten guztion ahalegina, gogoa eta profesionaltasuna. Bizitza ematen diozue herriari; horregatik uste dugu ekimenaren bidez xede xume hori lortzen lagun dezakegula. Gabonetako kanpaina oparoa opa dizuegu. 180 opari banatuko dira”, adierazi du Etxebarriak.

Gabonetako erakusleiho eta interiorismo lehiaketa

Gabonetan dotore jantzi behar da, eta Abanto Zierbenako erakusleihoak horretan ari dira ere bai. Urtero bezala, Gabonetako erakusleiho eta interiorismo lehiaketa egingo da, aurten 17. aldiz. Herriko hamaika dendak egin dute bat egitasmoarekin, eta beren originaltasun osoa ari dira erakusten.

“Positiboki baloratuko dira sortze-lan artistikoa, erabilitako materialak, elementu birziklatuen erabilera eta sortzean izandako ahalegina eta ardura. Lehenengo saria 150 euro dira, eta bigarrena 100 euro, udalerriko saltokietan gastatzeko. Horrez gain, diploma bat jasoko dute, eta Abanto Zierbenako erakusleihorik ikusgarriena izatearen ohorea”, jakinarazi du Etxebarriak.

Berritasun gisa, aurten, epaimahaiaz gain, herritarrek beren erakusleiho gustukoenak bozkatu ahal izango dituzte Interneteko aplikazio baten bitartez. Han parte hartu duten erakusleiho guztiak ikusi ahal izango dituzte, eta afari bat zozkatuko da beren erakusleiho gustukoena bozkatzen dutenen artean.

Honako hauek osatuko dute epaimahaia: Abanto Zierbenako Merkataritza saileko zinegotziak, Tokiko Garapenerako Agentziako teknikari batek, Merkataritzako Bulego Teknikoko teknikari batek, eta ACHA Ostalarien eta Merkatarien Elkarteko ordezkari batek. Epaimahaiko kideek bisita egingo dute lehiaketan izena ematen duten establezimenduetara.

Abanto Zierbena dotore eta solidario jantziko da Gabon hauetan.