Albisteak

 

Hemen dira Abanto Zierbenako aurreneko jaiak. Ostiral honetan, hilaren 18an, San Jose jaiei hasiera emateko etxafuegoa botako dute arratsaldeko sei eta erdietan. Festaz gozatzen hasteko, gainera, txorizo eta odolki errea banatuko dira.

Putxetako eta Kotorrioko Jai Batzordeak, Udalaren eta Abanto Zierbenako zazpi kultura- eta kirol-elkarteren laguntzarekin, auzoa hiru egunez girotuko duen jai-egitaraua antolatu du.

“Udalerri oso zabala gara, tradizio eta jaietan aberatsa. Gure auzo txikiak handi bihurtzen dira jaietan, eta beti izango dute gure laguntza”, adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Larunbatean, martxoaren 19an, auzoko zaindari San Joseren jaia ospatuko dute. Hala, goizetik hasita, herritar zein bisitariek hainbat jarduerataz gozatu ahal izango dute. Hasteko, zaldi-txangoa egingo dute ingurutik, Los Cuatreros Kultur eta Kirol Elkartearen eskutik. Aldi berean, Putxeta Txapelketa jokatuko da El Calero tiro-eremuan, Gezaleriak Elkarteak antolaturik.

Enkarterri auzoan, bestalde, Tiragomen VIII. Txapelketa jokatuko dute, eta Muskizko txistulariak arituko dira giroa berotzen, kalejira alaia eginez. Gero, arratsaldean, herri-kirolez gozatzeko parada izango dugu: herriko aizkolari batek irekiko du gure tradizioen inguruko ekitaldia, eta, jarraian, Zulatu Eskola Elkarteko eta Abantoko Barrenalari Herri Kirol Taldeko kideek zenbat balio duten erakutsiko digute, herri-kirolen bidez. Eta, horrenbeste kirol egin ostean indarrak batu behar direnez, hirugiharra, txorizoa eta odolkia dastatu ahal izango dira Putxetako parrilada famatuan. Denbora guztia ez dugu jaten emango, ordea: gauean, berbena izango da gorputzak eusten duen arte, Paco DJaren eskutik.

Igandean, Putxetako plazan, Enarak Dantza Taldeak erritmoz eta kolorez beteko du goiza. Horrez gain, ateak zabaltzeko eguna izango da tiro-eremuan, eta Muskizko txistulariak kalejiran ibiliko dira berriro. Arratsaldean, Raspu Espectaculos taldekoek emango diete amaiera bikaina hiru jaiegunei, umore onez eta dantzaz bustiko baitute giroa. Horrez gainera, rap-bataila jokatuko da gazteenen artean. Azkenik, Abanto Zierbenako lehen jai hauek bukatzeko, haragi-parrilada egingo da.

“Ezin dugu besterik esan: gozatu, eta gora Putxetako eta Kotorrioko jaiak”, esan du, amaitzeko, Etxebarriak.

Kartela (PDF 735KB)