Albisteak

 

Las Carreras jai-giroan murgilduko da maiatzaren 27tik ekainaren 5era. Heldu da dantza eta barre egiteko garaia, eta, batik bat, La Trinidad jaiez gozatzekoa. Jai-egitarau bete-betea osatu dute horretarako, gustu eta adin guztietarako.

Txupinazoa maiatzaren 27an izango da, arratsaldeko zazpi eta erdietan, Haritzalde plazan, eta horrek emango die hasiera hamar jaiegunei. Abanto Club taldeak egingo du pregoia, eta Mario& Urtza DJak alaituko du festa. Gaueko hamaiketan, Haritzalde plaza dardarka jarriko du La Tronera taldearen lehen kontzertuak; gero, barrenak eskatzen badigu, berbenan dantza egin ahalko dugu, Gora Herria taldearekin.

“Beste urte batez, Abanto Zierbenak Las Carrerasen hasiko du bere jaien agenda. Guzti-guztiei dei egiten diegu ekitaldiez, berbenez eta abarrez goza dezaten. Uste osoa dugu, gainera, giro paregabea izango dela, beti bezala”, adierazi du, harro, Maite Etxebarria Abanto Zierbenako alkateak.

Larunbatean, maiatzak 28, Abanto Musika Eskolak kalejira egingo du, eta puzgarriak jarriko dira haurrentzat Haritzalde plazan, hots, jaien gune nagusian. Dudarik gabe, ordea, dantza izango da eguneko protagonista: arratsaldeko seietan, LASKABAILA elkarteak mota guztietako dantzen erakustaldia egingo du pilotalekuan: karibetarrak, zumba, sevillanak… Gero, Askartza Isusi ikastolako gimnasioan, arratsaldeko zortzietan, Emelka elkarteko Artean taldeak José Cedénaren “El asesino anda suelto” eta “El oculista de la vista” antzezlanak taularatuko ditu. Egunari amaiera bikaina emateko, berbena izango da Orquesta Centauroren eskutik, hamabietan.

Eta, igandean, erritmoa ez dadila gelditu: txakurrari txipa jartzearen aldeko kanpaina, arku-tiroko txapelketa, kalejira eta haurrentzako tailerrak. Eguerdiko hamabietan, berriz, Laskabaila elkarteak antolaturik, gozogintza-lehiaketaren laugarren edizioa jokatuko da. Handik ordu erditxo batera, Las Carreras flamenko bihurtuko da: Rocioko festa ospatuko da Barakaldoko Andaluziar Zentroaren eta Alegria de Zuazo taldearen Rocioko abesbatzaren ekitaldiarekin.

“Arratsaldeko hiruretan herri-bazkaria egingo da, eta moda flamenkoko desfilea ikusi ahal izango dugu jan bitartean; gainera, Jorge Cánovas abeslaria giroa alaitzen arituko da. Hortaz, jendea okasio horretarako janztera gonbidatzen dugu, eta atera dezatela barrenean daramaten hego-haizea, baina iparra galdu gabe, jakina”, esan du Etxebarriak, txantxetan.

Arratsaldeko bostetan, XII. Tiragoma Txapelketa jokatuko da, Enkarterri Tiragomas lagunarteak antolaturik. Seietan, bukaera emango diogu lehen asteburuari: Fernando Brionesek filmaturiko bideoez osatutako “Jóvenes de los 70” ikuskizuna izango da Montaño Aretoan.

Eta, salto batean, ekainaren 3a iritsiko zaigu, ostirala: arratsaldeko bostetan, jaia ezin hobeto hasteko, apar-festa izango da, txikienek handiro goza dezaten. Ordubete geroago, herri-kirol parte-hartzaileak egingo dira Haritzalde plazan, adin guztietarako. Eta, indarrak hartzeko, zazpietan txorizo-jana izango da Las Karreras Fútbol 7 Old Style taldearen eskutik.
Ekitaldi nagusia, baina, arratsaldeko zortzietan izango da: Mortueroko biribilgunetik La Trinidad plazaraino, Javier Fondónek eta Susana Maldonadok gizon- eta emakume-probak jokatuko dituzte, 525 kiloko harri batekin.
Ostiralak soinu ederra izango du, Vendetta taldeak kontzertua joko baitu hamaiketan Haritzalde plazan. Eguna bukatzeko, berbena izango da Garilak 26 taldearekin.

Larunbatean, ekainak 4, txistularien kalejira eta puzgarriak izango dira, eta herri-bazkaria egingo da Frontoiko zelaietan. Soilik 4 euroren truke, paella-errazio ederra, ogia eta postrea jan ahal izango dira. Eta aho bete hortz geldituko gara Enarak Dantza Taldea María Auxiliadoratik Haritzalde plazaraino jaisten denean, arratsaldeko seietan.

“Sokamuturrarekin amaituko da jaitsiera. Herritar guztiei dei egiten diegu zuri-gorriz jantzi eta Haritzalde plazaraino Gaixoa ni abestuz jaits daitezen. Galdu ezinezko ikuskizuna izango da”, esan du Etxebarriak. Jaiarekin aurrera egiteko, txorizo- eta odolki-jana egongo da Abanto Club taldeak antolaturik. Txosnen guneak ere indarra hartuko du VILLASKAROCK jaialdiarekin, non tokiko taldeek euren talentua erakutsiko baitute.
Larunbat gaua bukatzeko, berbena izango da Haritzalde plazan, Pasarela Orkestrarekin.

Eta, oraindik ere indarrik gelditzen bazaigu behintzat, 2016ko La Trinidad jaien azken egunean beste hainbeste ekitaldi edukiko ditugu aukeran: eskualdeko produktuen azoka, sevillanen erakustaldia, haurrentzako gastronomia-lehiaketa eta elizako kontzertua. Bostetan, berriz, esku-pilotako partidak jokatuko dira, eta, azkenik, zazpietan 537 orkestra kubatarraren emanaldia eta “Ritmos Cubanos” flahsmoba izango dira.

Ezin da gehiago eskatu, ez. Gora La Trinidad jaiak!