Albisteak

 

Ekainaren 30etik (osteguna) uztailaren 3ra (igandea) bitartean, Sanfuentesek bere jaiak ospatuko ditu, Santa Luziaren omenez. Jarduerez betetako 4 egun izango dira eta bermatuta dago giro ona. Ekainaren 30ean, goizean goiz emango zaie hasiera jaiei: goizeko hamaiketan, Pilar Abin plazan, haurrek Santa Luzia 2016ko muralerako collagean parte hartzeko eta haurrentzako jolas-parkeaz gozatzeko aukera izango dute. Ondoren, herri-bazkaria egingo da, eta postre gisa Nectar bandarekin dantzatuko dugu.

Eskerrak eman behar dizkiogu “SANJAIBA Jai Batzordeari, eginiko lanagatik, urtero egiten baitute ahalegina gure auzoko jaiak hobetzeko. Aurten jaietarako egitarau ezin hobea prestatu dute, eta jaiegunak murriztu badira ere, kalitateak gora egin duela uste dugu”, azaldu du Abanto Zierbenako Alkate Maite Etxebarriak.

Ostegunean, arratsaldeko seietan, katxete erako boloak izango dira Carrejon. Txupinazoaren aurretik, Meatzaldeko Harrigorria dantza taldeak jantzi tradizionalen desfilea egingo du. Txupinazoa zapi eta erdietan izango da eta aurten, Riobarco Sanfuentesko Pertsona Jubilatuen Elkarteak irakurriko du pregoia. Ohorezko aurreskua eta ikurriñaren astintzea egingo dira eta DJ Mariok eta Mitxel animatzaileak girotuko digute arratsaldea, gaueko hamaikak arte. Jaietako lehen egunari amaiera emateko, I. Kuadrilla Lehiaketaren sariak banatuko dira.
 
Sanfuentesek irribarre handiarekin emango dio ongietorria uztailari, joko tradizionalekin, puzgarriekin eta apar askorekin, haurrek primeran pasatu dezaten. Arratsaldeko seietan abesbatzen kontzertuak egongo dira Santa Luzia elizan, eta Eskutxiko Ahotsak, Zortziko Abesbatzak eta Sanfuentesko Emakumeen Elkarteko Abesbatzak hartuko dute parte. Ondoren, herri-askaria egingo da Embutidos Anguloren laguntzari esker; pitxoak salduko dira 0,50 euroan.

Txistulariek eta animazio-talde batek Sanfuentesko kaleak girotuko dituzte, eta afalorduan, dantza erakustaldi bat egongo da. Pilar Abin plaza izango da jaien erdigunea eta ostiraleko gaua gaztea denez, Kosmos orkestrarekin dantzan arituko gara ordu txikietara arte.

“Uztailaren 2an, larunbata, Aimar San Miguelek Sukaldaritza Tailerra eskainiko digu, goiz osoan. Aimar Masterchef programaren lehenengo edizioko finalerdira iritsi zen. Haur guztiak animatzen ditugu tailerrean parte hartzera, bertan errezeta zoragarri eta berriak ikasteko aukera izango baitute. Gure haurrak saltsaren erdian izango ditugu, beraz, Sanfuentesen”, adierazi du Etxebarriak. Ondoren arku-tiroa egingo da frontoian eta berritasun bat egongo da: txistupoteoa, txistuekin batera eta musikaren erritmoaz, herriko kaleetan poteoan ibiltzeko aukera aparta. Eta nostalgikoentzako, 70eko hamarkadako gazteen VII. topaketa egingo da Eskola Zaharretan.

Gainera, igel-toka eta partxis txapelketak egongo dira, bai eta baztertu ezin den Euskadiko katxete erako bolo txapelketa ere. Seranteseko igoeraren eguna ere bada, eta ondoren, gosea baretzeko pintxoak egongo dira txosnetan, euro batean.
“Gaueko hamaiketan Santa Luzia zelaietatik Pilar Abin plazaraino, jaitsiera handia egingo da. Musika, ikuskizunak eta, batez ere, giro ona izango ditugu bertan. Kuadrillak mozorrotzera eta jaitsierarekin bat egitera animatu nahi ditugu”, azaldu du Jai eta Gazteria zinegotzi Nerea Ruizek. Egun berezi horri amaiera emateko, dantzaldia izango dugu Radar taldearekin.

Eta jaiarekin jarraitzeko indarrak badituzue, igandean zehar aurrera egingo dute Sanfuentesen Santa Luzia jaiek. Igandean paellak izango dira protagonista eta janaria jaisteko, Nerea eta Edurne Monek Zumba masterclass bat eskainiko digute. Gainera, nekazaritzako elikagaien azoka egongo da eta txintxon, tiragoma eta futbito txapelketak, besteak beste. Eta jaiei amaiera borobila emateko, dantzan arituko gara HAITZAMA taldearekin.

GORA SANFUENTESKO JAIAK!
GORA SANTA LUZIA JAIAK!

Ikusi kartela (PDF 286KB)