Albisteak

 

Abanto Zierbenan ExpoAves hegazti-azokaren 8. edizioa egingo da abenduaren 16, 17 eta 18an. Sektoreko azoka handienetan hirugarrena da, Kataluniakoaren eta Asturiaskoaren ondoren.

Azoka Gallartako Txikito pilotalekuan egingo da, eta bertan espezie askotako mila hegazti baino gehiago bilduko dira. Horrez gain, nazioarteko epaileak eta prestigio handiko hizlariak egongo dira.

Erakusketa ostiralean hasiko da; harrera egingo zaie hegazti-hazleei eta nazioarteko epaileei. Azken horiek erakusketako hegaztien edertasuna eta beste dohain batzuk aztertuko dituzte, eta beren epaia eman beharko dute. Ez zaie batere erraza egingo; izan ere, espezie bakoitzeko, munduko dozenaka arrazak hartuko dute parte.

Hala, esate baterako, hainbat jatorritako (Australia, Amerika, Frantzia, Ingalaterra, etab.) dozenaka oilo jarriko dira epaimahaiaren aurrean. Batzuk izugarri handiak izango dira; beste batzuk, berriz, arra bat baino txikiagoak.

Haien artean zein beste espezie palmipedo batzuen (ahateak, antzarak), usoen, eta abarren artean lehiatuko dira, bisitarien arreta nork erakarriko. Horrez gain, hegazti-azoka izan arren, untxiek ere protagonismo berezia izango dute. Bat baino gehiago zur utziko du, ziur asko, Flandesko 20 kiloko untxiak.

“Dena prest dago jada; ziur gaude azoka hau ikusgarria izango dela; zenbatekoak ikusi besterik ez dago: 1.100 oilo, 320 uso, 88 untxi, 144 indioilar, 101 anatido, 42 pedresa atlantiko, ehun serama oilo baino gehiago, 46 oilo balear, 223 euskal oilo, 93 oilo aurpegi-zuri, 29 gaztelar eta 49 pekin oilo. Denera, 1.900 animalia egongo dira ikusgai. Inork ez luke horiek guztiak zuzenean ikusteko aukera galdu behar”, azaldu du Maite Etxebarriak, Abanto Zierbenako alkateak.

Asteburuan, hitzaldiak egingo dira; unibertsitate-irakaskuntzan eta ornitologia arloan prestigio handia duten adituek emango dituzte. Haurrentzako jarduera ugari egongo dira, espezie bitxi eta koloretsuenak erakutsiko dituen hegazti-bilduma bat, adibidez.

Egitasmo honekin, Enkarturrek, Enkarterri eta Meatzaldeko turismo erakundeak, ekarpen bat egin nahi izan dio Abanto Zierbenako turismoari, sektorearentzat urte aparta izan den honetan.

“Mundu guztia animatzen dugu Expoaves bisitatu dezan; izan ere, hegaztien mundua harrigarria da, eta aukera bakarra izango da. Mila hegazti desberdin baino gehiago, esparru berean, lehian eta beren gaitasunak erakusten; horiek dira azoka hau historiko bihurtuko duten osagarriak. Mila ikasle baino gehiago etorriko direla espero dugu, baina familiak eta kuadrillak etortzea ere nahi dugu, baita inguruko herrietako jendea ere, aukera honetaz goza dezaten. Expoaves hegan hasiko da, ongi etorri”, esan du Etxebarriak, amaitzeko.