Albisteak

 

Hasi da atzera-kontaketa; Abanto Zierbena erritmoz beteko da datorren maiatzaren 6an, ostiralean. Musika izango da, ezbairik gabe, eguneko protagonista nagusia, EMUSIK jaialdiari esker.

EMUSIK Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren proiektu bat da, eta ekimenak egoitzak izango ditu Euskadiko, Nafarroako, Iparraldeko eta Errioxako zenbait udalerritan. Bertan izango dira hogei herrialdetatik iritsitako parte-hartzaileak: Espainia, Bulgaria, Txekiar Errepublika, Danimarka, Estonia, Finlandia, Frantzia, Alemania, Hungaria, Italia, Letonia, Liechtenstein, Luxenburgo, Norvegia, Austria, Polonia, Eslovakia, Suedia, Suitza eta Herbehereak.

“Guretzat ohorea da gure udalerria EMUSIK jaialdiko 50 mikro-egoitzetako bat izatea. Izan ere, jaialdi bat baino askoz gehiago da; aukera ezin hobea da musika bezalako hizkuntza unibertsal bat erabiliz hainbat kultura eta lurraldetako pertsonen artean ezagutzak eta esperientziak trukatzeko” azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Meatzaldeko udalerriraino iritsiko dira, besteak beste, udalerri hauetako ikasleak: Palafrugell (L´Escola de Música de Palafrugell); Konstanz, Alemania (Musikschule Konstanz); Mataró, Espainia; edo Berna, Suitza (Musikschule Konservatorium Bern). Guztira, 150 musikarik joko dituzte euren tresnak, eta musikaz beteko dute Gallartako Blasco Ibañez parkea.

Abantoko Musika Eskolak eta Abanto Zierbenako Udalak harrera egingo die lau orkestra garrantzitsuri. “Gure musika eskola anfitrioi izango da emanaldiak irauten duen bitartean. Emozioz beterik daude, eta ez da harritzekoa; 4 eta 70 urte bitarteko 240 ikasle baino gehiago dituzte. Musikak ez du mugarik; adina ere ez da oztopo musika-tresnaren bat jotzeko edo jotzen ikasteko”, azpimarratu du Etxebarriak.

Arratsaldeko bost eta erdietan hasiko da jaialdia. Lehenik, lau musika-eskola gonbidatuek eta Abanto Zierbenako musika-eskolak, anfitrioi gisa, Europaren Ereserkia joko dute elkarrekin. Ondoren, talde bakoitzak emanaldi bat eskainiko du. Azken ukitua guztiek batera emango dute; izan ere, musikaren bitartez elkarturik, Musikatu Bizitza joko dute. Abesti hori beren-beregi konposatu dute ekimen honetarako; hau da, EMUSIK jaialdiaren soinu-banda originala joko dute.

Kontzertua bukatzen denean, Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak eta Euskara, Kultura eta Kiroleko zinegotzi Eneko Urruelak oparitxo bat emango diete parte hartu duten eskoletako ordezkariei. Horrez gain, inguruari buruzko turismo-informazioa ere emango diete, gure artean ematen duten denboran udalerriko altxorrak ezagutu ahal izan ditzaten, ugari baitira.

Europako soinuz beteko dira Meatzaldeko udalerri honetako kaleak. EMUSIK maiatzaren 4an eta 5ean hasiko da; programa hogei kontzertuk baino gehiagok osatzen dute, Euskal Herriko hamar udalerritan baino gehiagotan.

Inaugurazio ofiziala maiatzaren 6an izango da, Donostia Arena 2016 (Illumbe) gunean. Hasierako ekitaldi hori 8.500 musika-ikasleren (bertakoak eta atzerritarrak) arteko topaketa bat izango da, eta musika eta dantza nahastuko dituzte. Errepertorioan, besteak beste Musikatu bizitza obra entzun ahalko dugu. Bertan izango dira Abanto Zierbenako alkatea eta udalerriko musika ikasleak. Aurreko egunean, maiatzaren 5ean, alkateak erakundeen harrera-ekitaldian parte hartuko du; han izango dira erakundeetako ordezkariak eta Europako musika-eskoletako zuzendarien ordezkariak.

Jaialdiak, musika ospatzeko festa handi bat izateaz gain, musika-eskolek maila guztietan (udalerri, nazio eta Europa mailan) egiten duten izugarrizko lana agerian jartzea du helburu; kasu honetan, gure udalerriko musika-eskolan egiten den lanak ere merezi duen aitorpena jasoko du.

Abanto Musika Eskola duela hamarkada bat sortu zen, eta ikasleen % 70ek 18 urte baino gutxiago dituzte. 15 irakasle aritzen dira saxo, piano, gitarra elektriko, biolin, txistu, alboka, trikitixa, txalaparta eta kantu eskolak ematen. 2015ean, lehenengo aldiz, lankidetza-hitzarmen bat egin zen Abanto Zierbenako Udalaren eta musika-eskolaren artean. Hitzarmen horren helburua zen musika hezkuntzako eskaintza zabal eta anitza eskaintzea eta musika tresnak jotzen ikasteko kalitatezko prestakuntza ematea, hala bakarka nola taldean.

“Aurten beste hitzarmen bat sinatuko dugu musika-eskolarekin; horren zenbatekoa 32.000 eurotik gorakoa izango da”, jakinarazi du alkateak.

Abanto Zierbenan musikak beti izan du garrantzi handia, eta gure udalerria erreferente izan da alor horretan.

 “Gorputzarentzat gimnasia dena, arimarentzat musika da.” - Platon (K.A. 427 - K.A. 347)