Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak, Lanbideren laguntzarekin, “Abanto Lan 2016” proiektua gauzatuko du abenduan ere. Horrela, enplegua sustatzeko programaren bigarren faseari helduko dio. Oraingoz, 12 bizilagun hasi dira lantaldean, 6 gizon eta 6 emakume; haietatik bi 55 urtetik gorakoak dira, eta beste bik, berriz, diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dute. Orain, beste hamahiru lanpostu eskainiko dira udalerriko langabeentzat.

Maite Etxebarria alkateak nabarmendu duenez, “apurka-apurka eta fasez fase, berriz ere martxan jarri ditugu lanpostu berriak, lana topatzeko zailtasun handienak dituztenei begira”.

Laguntza anitzeko 4 peoi behar dira, udal-ondarearen mantentze-lanez eta birgaitzeaz ardura daitezen, eta laguntza anitzeko peoien taldea zuzenduko duen arduradun bat ere bai. Abanto Zierbenako Udala, halaber, gertuko agente zibikoen bila dabil, eta, hori dela eta, bost kontratu eskaini ditu orain, eta agente zibikoen taldeko buruaren kontratu bat. Gogoan izan behar da programa hau soil-soilik emakumeentzat dela. Era berean, lanbide-orientatzailearen lanpostu bat ere eskainiko da. Azkenik, Udalak gizarte-bitartekari bat ere behar du, gazteen lokalak eta gazte-proiektuak koordina ditzan.

Kasu honetan, kontratazioa 3 hilabetekoa izango da, eta lanaldiak, berriz, astean 20 ordukoak. Hautaketa-prozesuan parte hartu asmo dutenek langabeak izan behar dute, eta Lanbiden eta Tokiko Garapen Agentzian enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egon. Horrez gain, ez dute langabeziagatiko kontribuzio-prestaziorik jaso behar, Abanto Zierbenan erroldatuta egon behar dute gutxienez duela urtebetetik, azken bi urteetan enplegu-programetan parte hartu gabe egon behar dute, eta lanpostu bakoitzaren baldintzak bete behar dituzte.

Horrez gain, “Abanto Lan 2016” programaren bitartez kontratatutakoen % 30ek DSBE eduki beharko dute. Gainerakoek kolektibo jakin batzuetako kide izan beharko dute; besteak beste, 35 urteko edo gutxiagoko pertsonak, lan-eskatzaile gisa gutxienez sei hilabete izena emanda daramaten 45 urtetik gorakoak, 55 urtetik gorakoak, luzaroan lanik gabe egon diren emakumeak eta gizartetik bazter gelditzeko arriskuan daudenak. Era berean, kontratatutakoen % 40 emakumeak izango dira.

“Lanpostu gehiago eskaini ahal izan ditugu aurten: iaz 29 kontratu egin genituen, eta 2016an, berriz, 37 izango dira. Guk apustu sendoa egiten dugu herrian enplegua bultzatzeko; gainera, programaren aurrekontua handitu dugu: iaz 117.000 euro jarri genituen, eta aurten 134.000 baino gehiago jarri ditugu”, azpimarratu du Etxebarriak.

Enplegu horietakoren batean izena emateko azken eguna azaroaren 18a izango da, ostirala. Interesdunek Abanto Zierbenako Enplegu eta Tokiko Garapen Agentzian eman dezakete izena (Bizkaia plaza 5, Gallarta). Abanto Lanen bigarren fasea abenduaren 9an hasiko da, eta 2017ko martxoaren 8an amaituko.

“Benetako alternatiba bat eman nahi diegu lan-merkatura sartzeko edo bueltatzeko zailtasun larriak dituztenei; besteak beste, 55 urtetik gorakoei, gizartetik bazter gelditzeko arriskuan daudenei eta gazteenei”, esan du Etxebarriak.

“Abanto Lan 2016” enplegu-plan anbiziotsua da, eta hiru fasetan gauzatuko da, 2017ra arte.

 Kartela jaitsi (PDF 3MB)