Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak hainbat jarduera antolatu ditu abenduaren 3an, larunbatean, ospatuko den Euskararen Egunaren harira.

Ospakizuna 24 ordu lehenago hasiko da, abenduaren 2an (ostirala). Egun horretan izango da lehen ekitaldia, Gallartako Kultur Etxeko ekitaldi-aretoan; bertan, udal-ordezkariek euskaldunon hizkuntzaren aldeko adierazpen bat irakurriko dute. Goizeko hamaiketan izango da hori.

Ondoren, udalerriko ikastetxe guztietako ikasleek abesti, antzezpen edo bertso bat eskainiko diote euskarari, eta Dolores Ibarruri Institutua izango da lehena. Horrez gain, gaztetxo guztiek magia-ikuskizun bat ikusi ahalko dute Kultur Etxean, Kidam magoaren eskutik. Larunbatean, arratsaldeko seietan, udalerriko familiek ipuin-kontalari antzeztuaren emanaldia izango dute ikusgai, Gallartako Kultur Etxean.

“Euskara gure hizkuntza da; errespetatu eta ohoratu egin behar dugu, eta horretarako modurik onena da euskaraz hitz egitea kalean, tabernan, etxean, lagunekin… Herritar guztiak animatzen ditugu parte hartzera, ondo pasatzera eta euskaraz gozatzera, eusko labela izango duen egun horretan”, adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Ostiral arratsaldean, zazpietan, Xaibor DJ ospetsuak abesti-sorta berezi bat aukeratuko du guk dantzatu eta abestu dezagun. Blasco Ibañez parkean izango da, eta giro itzela egongo da, seguru. Ukitu euskalduneko dantzaldi hori publiko guztientzat izango da, baina zalantzarik gabe txikienak izango dira ondoen ibiliko direnak, beti bezala.

Euskarazko produktuen katalogoa

Badatoz Gabonak eta opariak, eta Abanto Zierbenako Udalak lana erraztu nahi die aurten ere Olentzerori eta Errege Magoei. Horretarako, euskarazko oparien 900 katalogo banatuko dizkie herritarrei.

“Euskarazko produktuen katalogoa” izeneko kanpaina hori Alkarbide bilguneak koordinatzen du. Edizio honetan 0 urtetik 16 urtera bitarteko haurrentzako produktuak egongo dira katalogoan. Liburuxka arin eta erraza da; batetik, 0 eta 12 urte arteko haurrentzako produktuak ikus daitezke, eta, bestetik 12 eta 16 urte arteko gaztetxoentzat egokiagoak direnak.

“Atal bakoitzaren diseinua dagokion adinera egokituta egongo da; hori da, hain zuzen ere, edizio honetan aldaketa esanguratsuenetakoa. Euskararekin dugun konpromisoa ez da urteko egun jakin batzuetara mugatzen; urte osoan askotariko ekintzak antolatzen ditugu gure hizkuntza sustatzeko, baina Gabonek aukera paregabea eskaintzen dute euskarari beste bultzada bat emateko eta gure gizartean normaliza dadin ahalegintzeko. Erabaki ona izan daiteke opariek ukitu euskalduna edukitzea”, azaldu du Etxebarriak.

Katalogo euskaldun honetan produktu ugari aurki daitezke: musika, liburuak, aldizkariak, filmak, jostailuak… Horiek guztiek merkatuan zer prezio duten ere zehaztuta dator.

Bestalde, 2.0 katalogoa ere badago; alegia, liburuxka www.katalogoa.eus webgunean ikus daiteke, tableta edo telefono mugikor batetik. Webgune hori etengabe eguneratzen da, urte osoan; hala, argitaletxeek zuzenean sartu ditzakete produktu berriak, argitaratzen diren heinean, eta katalogotik kendutako produktuak ere beren kabuz kendu ditzakete.

Bestalde, Meatzaldeko udal honek, familiak informatzeko kanpaina horretan parte hartzeaz gain, katalogoan agertzen diren produktuak erosteko diru-laguntzak emango ditu, baldin eta HUETE liburu-dendan erosten badira.

“Tokiko merkataritza eta euskara sustatzen ditugu aldi berean; aurten ez dago euskarazko produktuak ez erosteko eta oparitzeko aitzakiarik. Abanto Zierbenan Gabonetako opari kutunena euskarazkoa izatea lortu behar dugu; horretarako, herritarrak euskara oparitzera animatzen ditugu”, esan du Etxebarriak.

Berdintasunezko opariak

Abanto Zierbenako Udalak, Gabonetan euskara erabiltzera animatzeaz gain, berdintasunaren alde ere egin nahi du. Horretarako, jolas eta jostailuen gidak banatu dizkie udalerriko lau ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5 eta 8 urte bitarteko ikasleei, berdintasuna oinarri hartuta diberti daitezen.

Ekimena Abanto Zierbenako Udaleko Berdintasun sailak antolatu du eta, horren bidez, “OLENTZERO, MARI DOMINGI, ERREGE MAGOAK….HORRELA JOLASTU NAHI DUGU!” gida helarazi die herritarrei. Gida erraz horrek merkatuan dauden jostailu motak modu kritiko eta koherentean aztertzen laguntzen digu, baita jostailu horiek irakasten dituzten balioei buruz hausnartzen ere.

Haurrek jolasen bidez esploratzen eta ikasten dute, eta jolasaren bidez garatzen dira. Jolastea beharrezkoa eta eraginkorra da pertsonen hezkuntzarako, nortasuna garatzeko eta oreka emozionala lortzeko; horrenbestez, bizitza osoan ondo jolastea komeni da, balio sendoak oinarri hartuta.

“Jolasaren bitartez ikasten dute arau batzuei jarraitzen, toleranteak izaten, galtzen, irabazten, partekatzen (hori batzuetan gehiago kostatzen zaigu, ezta?), gainerakoak errespetatzen eta, aldi berean, beren buruengan segurtasuna izaten. Hori dela eta, garrantzitsua da berdintasunean heztea; jakin behar dugu ez direla panpinak neskentzat eta baloiak mutilentzat, edo bai, haur bakoitzaren arabera. Garrantzitsuena da natural jokatzea, etiketarik gabe, haurrek ulertu ere egiten ez dituzten helduen estereotiporik gabe; haurrek dibertitu eta jolastu besterik ez dute nahi izaten, eta batzuetan ahaztu egiten dugu hori. Gida honek hausnartzen lagunduko digu”, adierazi du Etxebarriak.

Jostailuak garrantzitsuak dira haurren bizitzetan eta, bereziki garai honetan, jostailu jakin batzuk kontsumitzera bultzatzen dituzten publizitate-mezu ugari jasotzen dituzte. Mezu horiek, halaber, bete behar dituzten rolak ere zehazten dizkiete: zertara eta nola jolastu behar duten, hau da, zein den mutil edo neska baten portaera normal eta egokia. Jolasen barruko rolak neskekin eta mutilekin identifikatzen dira, eta horrek eragina dauka haurrek mundua interpretatzeko daukaten moduan; erantzukizun- eta aukera-berdintasuna oinarri izaten irakatsi behar diegu.

Abanto Zierbenak erosketak egiten lagunduko die Olentzerori eta Errege Magoei, berdintasuna eta euskara sustatuz.